Herritarren omenaldi beroa jaso du Angel Mari Arenas musikariak

Usua Garin - Ane Olaizola 2025ko urr. 4a, 18:27

Garikoitz Mendizabal txistulariak, Azkoitiko Musika Bandak, Txalkor txistulari elkarteak kontzertua eskaini dute Kontzejupean, eta amaieran, Txomin Mujika konposatzaileak Angel Mari Arenasi eskaini dion abestia taularatu dute aurrenekoz. Hunkituta jaso du aitortza. 

Zazpi hamarkada musikari lotuta eginda, omenaldi beroa jaso du gaur eguerdian Angel Mari Arenas danbor jotzaileak. Izan ere,  Garikoitz Mendizabal txistulariak, Azkoitiko Musika Bandak, Txalkor txistulari elkarteak kontzertua eskaini dute Kontzejupean, eta saioaren amaieran, Txomin Mujika konposatzaileak Angel Mari Arenasi eskaini dion abestia taularatu dute aurrenekoz. Han izan dira Arenas eta Mujika ere, eta omenduak hunkituta jaso du aitortza, han elkartutako herritarren txalo zaparrada artean. Hark azaldu duenez, bere aita zena Antonio Arenas Txalkor txistularia eta Candido Beristain zein Juan Elorza Txanbolin bandako zuzendari ohiak etorri zaizkio gogora abestia entzutean, haien eragina "handia" izan baita Arenasen musika ibilbidean. 

Musika bandak lagunduta, bost abesti jo ditu Mendizabalek: Luis Urteagak txistu bandarako idatzitako Euskal Kanta Bilduma rapsodia, Eduardo Morenoren Txistu eta Bandarako Rapsodia, Xabier Zabalaren Irribarrea eta Eduardo Gorosarrik idatzitako Idiarena bariazioekin lana. Ondoren, Txalkor txistulari taldearekin aritu dira Mendizabal eta banda, eta Homenaje a Laskurain abestiaren ondotik iritsi da Angel Mari Arenas pieza. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide