Bere izeneko pieza estreinatuz, omenaldi sentituta jaso du Arenasek

Ane Olaizola 2025ko urr. 4a, 15:02

Garikoitz Mendizabal txistulariaren talentuaz gozatzeko aukera izan dute Kontzejupean elkartu diren dozenaka herritarrek, eta hark Azkoitiko Musika Banda eta Txalkor txistulari taldea izan ditu bidelagun. 

Kontzertu berezi eta gogoangarria eskaini dute eguerdian Azkoitiko Musika Bandak, Txalkor txistulari elkarteak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak Kontzejupean, eta batez ere azken horren talentuaz gozatzeko aukera izan dute han elkartu diren dozenaka herritarrek. Emanaldia, gainera, are bereziago egin dute musikari horiek guztiek amaieran, Txomin Mujika konposatzaileak Angel Mari Arenasi eskaini dion abestia estreinatu baitute bi protagonistak publikoan zirela. Arenasek pozik bezain hunkituta entzun du haren izena duen pieza, eta modu horretara jaso du abestiaren partitura osoa ere. 

Mujikak bandarako zein txisturako konposatu du abestia, eta gaurko ekitaldiak omenaldi kutsua hartu du, beraz; izan ere, Arenasek 65 urte egin ditu Txalkor taldean danbor jotzaile bezala, eta 70 urtetik gora herriko musikari bere ekarpena egiten.

Musika bandak lagunduta, bestalde, bost abesti jo ditu Mendizabalek: Luis Urteagak txistu bandarako idatzitako Euskal Kanta Bilduma rapsodia, Eduardo Morenoren Txistu eta Bandarako Rapsodia, Xabier Zabalaren Irribarrea eta Eduardo Gorosarrik idatzitako Idiarena bariazioekin lana. Ondoren, Txalkor txistulari taldearekin aritu dira Mendizabal eta banda, eta Homenaje a Laskurain abestiaren ondotik iritsi da Angel Mari Arenas pieza. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide