Lau egunetako festa eta gero, iritsi da Andremarietako azken eguna Azkoitira. Azkena, eta askorentzat baita onena ere. Beste egunetan ez bezala, gaurkoan eguzkia ezkutuan gelditu da egunean zehar, eta xirimiri pixka bat ere bota du hainbat alditan. Hori, ordea, ez da oztopo izan azkoitiarrentzat, eta hainbat eta hainbat koloretako kamisetak soinean dituztela bete dituzte kuadrillek herriko kaleak.
Goizean goiztik, lagunekin elkartu eta tabernaz taberna joan dira giroan sartzen, UK03 txaranga lagun zutela. Kontzejupen, bitartean, hainbat herritar eguerdiko paella prestatzen ere ibili dira.14:30 aldera hasi da Azoka Plaza eta horren ingurua jendez betetzen, gosea uxatzeko asmotan. Arratsaldean ere festetako azken ekintzak izango dira herrian, hala nola kontzertuak, suzko zezena eta txaranga.