Albistegia

Andremarietako txupinazoek utzitakoak, bideoan

Maialen Etxaniz 2025ko abu. 14a, 16:15

Bi txupinazo eta askotariko aldarriak eta mezuak utzi ditu 2025eko andremarietako lehen egunak. Herriko plaza jendez beteta zela bota dute jaiei hasiera emateko suziria azokako ekoizleek. Ana Azkoitia alkateak "Azkoitia berdinzale eta inklusiboa" aldarrikatu du eta herritarrei festak zukutzeko deia egin die. San Martinen, berriz, txupinazo alternatiboa egin dute AGAk antolatuta, eta hango suziria lan gatazka bete-betean dauden Aitek eta Juaristi enpresetako langileek bota dute. Goizak utzitako irudiekin eta adierazpenekin osatutako bideoa da honako hau. 

Aldarria eta festa uztartuta hasi dira 2025eko andremariak Azkoitian. Txupinazo ofiziala 12:00etan bota dute udaletxetik, plaza jendez gainezka zela. Aurten, Azkoitiko azokako ekoizleek izan dute suziria botatzeko aukera; izan ere, haiek herriari egiten dioten ekarpena nabarmendu nahi izan du Azkoitiko Udalak  

Ordu bete lehenago, 11:00etan, Azkoitiko Gazte Asanbladak antolatutako txupinazoa izan da San Martin auzoko Ardatz elkartean. Azken urteetan bezala, gizarte gai baten bueltan egin dute jaiei hasiera emateko hitzordua, eta aurten Azkoitiko Aitek eta Juaristi enpresetako langileek  hartu dute hitza suziria bota aurretik; izan ere, lan gatazka bete-betea daude bi lantegi horietako beharginak.  

Plazan, azokako ekoizleak

Bi txupinazo eta askotariko aldarriak. Plaza jendez beteta zela, Ana Azkoitia alkateak hartu du hitza, eta baserritarren lana eskertu eta produktuak azokatik mahaira eramatearen balorea nabarmendu aurretik, "Azkoitia berdinzale eta inklusiboa" aldarrikatu du, baita festetan errespetuz jokatzeko deia egin ere. Era berean, gogora ekarri ditu Sahara, Ukraina eta Palestina, eta bakea aldarrikatu du. Hain zuzen, “batasunak eta bakeak preziorik ez "dutela nabarmendu du Azkoitiko alkateak. Aldarriak aldarri, jaiak ahal beste zukutzeko deia eginda borobildu du hitzartzea. Aurten, gainera, berak ere berezi ospatuko ditu jaiak, 90 urteko herritarren bazkaritara alaba bezala joango baita. Azokako ekoizleak ere hunkituta agertu dira, eta herritarrei dei egin diete astero bezala azokara bertaratzen jarrai dezaten. Jaietan parranda pixka bat egiteko tartea hartuko duten arren, hurrengo asteazkenean ohiko postuetan egongo direla azpimarratu dute.   

San Martinen, Juartisti eta Aitek

Bestelakoak izan dira San Martinen elkartu direnen mezuak. Azkoitiko Gazte Asanbladako kideak gustura agertu dira inoiz baino jende gehiago elkartu delako txupinazo alternatiboan, eta nabarmendu dute Aitekeko eta Juaristiko kideen ondoan egoten jarraituko dutela aurrerantzean. Bi enpresa horietako langileek gazteen gonbidapena eskertu dute, eta gizarte sektoreak elkarrekin antolatzearen garrantzia nabarmendu dute. Gatazka betean daude enpresetako nagusiekin, sei hilabete baitaramatzate kobratu gabe. Horrek beharginengan askotariko eraginak eta presioak izan dituela adierazi dute, eta enpresen jarrera salatu. Dena den, langileen eskubideen alde lanean jarraitzeko prest agertu dira. Kalejiran jaitsi dira plazara, Palestinar erresistentziaren aldeko aldarriekin eta politika egiteko espazioak aldarrikatzen.  

Emakume pilotari erraldoia, kalean

Plazan, berriz, jai giro ederra izan da, eta egon da arreta berezia piztu duen zerbait. Hain zuzen, erraldoi berria atera dute aurrenekoz kalera; emakume pilotariarena, eta hainbat izan dira haren figurarekin argazkiak atera nahi izan dituzten herritarrak. Arratsaldean jarraituko du jaiak, bost eguneko egitaraua hasi besterik ez baita egin.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide