Euskara plazara atera dute AEK-koek Zapatu Laranjan

Gorka Eizagirre - Andoni Elduaien 2025ko eka. 1a, 13:03

Euskara plazara atera zuten atzo AEK-koek, hizkuntzak duen garrantzia azpimarratzeko. Balorazio positiboa egin dute euskaltegiko kideek. 

Atzo, zapatua, Azkoitiko AEK euskaltegiak Zapatu Laranja ospatu zuen. Goizean goiz hasi zituzten ekintzak, eta iluntzera bitartean euskaratik eta euskaraz ospatu zuten eguna. Goiza Goiko Losa frontoiaren azpiko horma margotzen igaro zuten hainbat lagunek, eta txupinazoa bota nahiz pregoia irakurrita, Asier Kidam magoak ikuskizuna eskaini zuen. Berdura Plazako arkupetan bazkaria egin zuten gero, eta arratsaldea Gotx elektrotxarangakoekin igaro zuten. 

Euskara erdigunean jartzeko asmoz antolatu zuen Azkoitiko AEK-k atzoko eguna. "Euskarari ikusgarritasuna eman nahi izan diogu; euskara herrira, plazara atera nahi izan dugu, duen garrantzia azpimarratzeko. Laranja kolorearekin AEKrekin lotu nahi izan dugu festa, baina, laranjak, era berean, indarra eta alaitasuna ematen ditu, eta suaren kolorea da", azaldu zuen Maite Azpiroz AEK-ko koordinatzaileak. 

Atzokoa "amestutako eguna" izan zen Azkoitiko AEKrentzat, iaz ikasleentzako egindako festa "xumea" eta gero. "Guretzat pozgarria da gurekin dabiltzan ikasleek euskararen sarean parte hartzea, kultura arteko harreman hori erakustea herrian, baita jatorri ezberdinetako jendeak nola bat egiten duen euskara ikasteko". Balorazio positiboa egin zuten AEK-koek; izan ere, bazkaltzeko ehun lagun elkartzeko erronka jarri zuen euskaltegiak, eta ehun lagun baino gehiago elkartu ziren atzo. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide