Azkoitiko AEK euskaltegiak antolatuta, Zapatu Laranja ospatzen ari dira gaur, larunbata, herrian. Plaza nagusia kokaleku hartuta, murala margotu dute aurrena Goiko Losa pilotalekuaren barreneko horman. Michele Abrego AEK-ko ikasleak eta Gorka Larrañaga artistak lagunduta, dozenaka ikasle eta haur aritu dira pare bat orduz margoketa lanetan.
12:00etako kanpaiek jo eta berehala bota dute, bestalde, txupinazoa, eta pregoia irakurrita, festari bide eman diote. Leire Lizarralde Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko presidenteak, Naia Arrizabalaga Erniarraitz bertsozale elkarteko kideak eta Maitez Azpiroz Azkoitiko AEK-ko koordinatzaileak irakurri dute testua. "Azkoitiko plazan elkartu gara euskaldunak garela eta euskaraz bizi nahi dugula pozik, harro eta ozen aldarrikatzeko; Azkoitia, Urola bailara zein Euskal Herria euskaldunak nahi ditugula esateko eta erakusteko; eta prest gaudela hori behingoz horrela izan dadin urratsak emateko", esan du, hasteko, Lizarraldek.
Euskaldun izatea zer den galdetu du hark aurrena. "Askok ematen dute iritzia, erabaki nahi dute gure izenean, zer garen edo zer izan behar dugun. Euskalduna euskaraduna da, euskaraz dakiena. Existitzen gara. Baina, Frantziako Estatuan frantsesak besterik ez omen daude; Nafarroan zonifikazioak erabakitzen du euskalduna zaren ala ez; eta Euskal Autonomia Erkidegoan ba omen dugu eskubidea, baina hemen ere agerikoak dira euskarak jasotzen dituen erasoak, epaileen eskutik, besteak beste", eman du azalpena Lizarraldek.
Arrizabalagak hartu du ondoren hitza, eta euskalduna izatea "zeinen nekeza" den nabarmendu du. "Ezpainetan euskara erabiltzeko hortzetan labana hartuta ibili behar dugula dirudi. Bi hizkuntza handik, gaztelerak eta frantsesak, minorizatutako herria eta komunitatea gara. Bizi al gaitezke gure herrian euskaraz? Anbulatorioan? Udaltzaingoan? Aisialdian? Kiroldegian? Zerbitzu guztiak euskaraz jasotzen al ditugu?", galdetu du bertsolariak. Euskara ikastea ere zaila dela azaldu du Arrizabalagak, ikastearen esfortzuaz gain, ahalegin ekonomikoa eskatzen duelako. "Noiz izango dugu benetako doakotasuna? Ba al dago borondate politikorik Euskal Herria euskalduntzeko?".
Azkenik, Azpirozek hartu du hitza, eta AEK-ko koordinatzaileak euskara zaintzeko deia egin die muralaren aurrean bildutako herritarrei. "Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, Kortesetik Hondarribira, eta Atharratzetik Balmasedara; euskaldunak izan nahi dugu eta ez dugu zertan inori baimenik eskatu. Garena maite dugu, eta Euskal Herrira etorri diren pertsona guztiei ere gure herria eta hizkuntza ezagutzeko, maitatzeko eta erabiltzeko aukera eskaini nahi diegu", adierazi du koordinatzaileak.
Euskaldunek, gainera, "jarrera aktiboa" izan behar dutela azpimarratu du Azpirozek. "Euskaraz bizi nahi badugu, normalizazioa gure esku ere badago. Euskararen sua piztuta mantendu nahi badugu, lastargi sendoa behar dugu, eta lastargi hori euskalgintza da. Eta euskalgintza gu gara; denok izan behar dugu. Euskaraldian ere egin dugu, eta gaur beste ale bat jarriko dugu maite dugun hori zaintzen segitzeko". Zutik mantentzeko deia eginez eta euskararen sugarra bizitzeko gomendioa eginez, Azkoitia eta Euskal Herri euskalduna bibatuz itxi dute ekitaldia.
Hiru lagunen hitzartzea amaituta, Juli eta Arantxa Arregi ahizpek, Eli Larrañagak eta Soumia Gadzek irrintziak bota dituzte, eta Eneritz Artetxe zein Naia Arrizabalaga bertsolariek bertsoak kantatu. Goiko Losatik Asier Kidam magoaren Kontzejupeko ikuskizunera joan dira gero denak. Jendetza bildu da udaletxe azpiko frontoian magoaren trikimailuak ikusteko. 14:30ean, berriz, euskaltzaleen bazkaria egin dute Berdura Plazaren arkupetan. Euskaltegiko kideek emandako datuen arabera, ehun lagun baino gehiago bildu dira bazkaria egiteko. Bazkalostean, berriz, 18:30etik iluntzera bitartean, Gotx elektrotxaranga herriko kaleak girotzen ibiliko da.
Aurrematrikula epea, zabalik
Bestalde, Azkoitiko AEK euskaltegiak zabalik du 2025-2026 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea. Ekainaren 30era bitartean, AEKren webgunean edota Azkoitiko AEK euskaltegiaren egoitzan egin daiteke inskripzioa. Aurrematrikula egiteko 100 euro ordaindu beharko da. 2024-2025 ikasturteko prezioei eutsi diete datorren ikasturterako, eta ordainketa malguagoa izango da ikasleentzat, ohiko ordainketa epeei beste epe bat gehitu baitiete. Halaber, taldeak eratzeko orduan lehentasuna izango dute ikasleek.
Ikastaroa ez egitea erabaki badu aurrematrikula egindako norbaitek, aurrematrikularen %100 itzuliko dio AEK-k ikasleari, betiere jakinarazpena ikastaroari ekin baino lehen egiten badu. Behin ikastaroa hasita, matrikula itzultzeko ohiko baldintzak aplikatuko ditu euskaltegiak.