Azkoitiko Oteiza pilota elkarteko kideek Herriartekoaren final laurdenetako joaneko partidak jokatuko dituzte etzi, ostirala. Gomazko palistek etxean, Gurea pilotalekuan, jokatuko dute Astigarragaren aurka, 19:00etan, eta eskuzko pilotariek, Beasaingo (Gipuzkoa) Antzizar pilotalekuan, 18:30ean.
Gomazko paletan, Zumarragari 4-2 irabazita sartu dira Oteizakoak Astigarraren aurkako final laurdenetara. Iaz bezala, hamalau herrik eman dute izena aurten ere, eta orain, zortzi onenak daude lehian: txapelketaren goiko adarrean daude Andoain, Donostia, Mutriku eta Deba, eta beheko adarrean, Aia, Lasarte-Oria, Azkoitia eta Astigarraga. Azkoitia finalerdietara sailkatzen baldin bada, Aia edo Lasarte-Oria izango luke aurkari, beraz. Balizko finala, ekainaren 29an, igandez, jokatuko lukete.
Esku pilotan, bestalde, bide luzeagoa egin du Azkoitiak Beasainen aurkako final laurdenetara sailkatzeko. Final hamaseirenetan, Aretxabaletari jokatutako sei partidak irabazi zizkioten Oteizakoek. Final zortzirenetan, berriz, Ataunen aurka neurtu dituzte indarrak herriko pilotariek, eta 4-2 irabazita egin du aurrera.
21 herri izan dira lehian, guztira, eta orain, zortzi onenak daude: txapelketaren goiko adarrean daude, Azkoitia, Beasain, Hernani eta Zaldibia, eta beheko adarrean, Bergara, Zestoa, Azpeitia eta Oiartzun. Finalerdietara sailkatuz gero, beraz, Zaldibia-Hernani kanporaketako irabazlearekin neurtu beharko ditu indarrak Azkoitiak. Herriartekoaren esku pilotako finala ekainaren 28an, larunbatez, jokatuko da Donostiako Atano III. pilotalekuan.
Zerrendetan, lehenak
Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien Gipuzkoako Herriartekoaren eskuzko txapelketan, hamasei aldiz, hain zuzen ere. Gainera, beste sei aldiz izan da txapeldunordea; Azpeitia da bigarren zerrendan, zortzi txapelekin –sei bider izan da txapeldunordea–; eta Donostia da hirugarrena, sei txapelekin –lau aldiz izan da txapeldunordea–. Iaz, Oiartzunek irabazi zuen finala, eta Zaldibia izan zen txapeldunordea. Oteizakoak 2006an sartu ziren azkenekoz finalera, eta Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar frontoian jokatutako hitzorduan Donostiari 2-1 irabazi zioten, kadete eta gazte mailan nagusituta.
Gomazko paletan ere Azkoitia da liderra sailkapenean, 2019an, 2021ean eta 2022an lortutako hiru txapelekin. Hain justu, duela hiru urte lortutako txapelketan sartu ziren Oteizakoak azkenekoz finalera. Azkoitiaren atzetik Donostia da bigarrena, bi txapelekin, eta ondoren, Astigarraga, txapel batekin. Iaz, hain justu, Donostiak eta Astigarragak jokatu zuten finala, eta txapela Donostiak jantzi zuen.