Gomazko palistek Astigarraga izango dute aurkari Herriartekoaren final laurdenetan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 23a, 09:44

Igor LarraƱaga, joan den astean, pilota jotzen. (Aitziber Arzallus)

Joanekoan bezala, Azkoitiko gomazko palistek banakako bi partidak irabazi zituzten atzo Zumarragan, eta final laurdenetara sailkatu da taldea. Datorren asteburuan, etxean jokatuko dute, eta bi aste barru, Astigarragan. Esku pilotariek gaur arratsaldean jokatuko dute itzulerakoa, Ataunen.

Oteiza elkarteko gomazko palistak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final laurdenetara sailkatu ziren atzo, osteguna. Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki frontoian jokatu zuten iluntzean azkoitiarrek, eta joanekoan bezala, atzo ere bi partida irabazi zituzten, bi banakako lehiak, hain zuzen.

Iker Epeldek jokatu zuen aurreneko partida; buruz buru aritu zen hura kantxa osoan, eta 8-20 irabazi zuen. Binaka, berriz, Igor Larrañagak eta Markos Azpirozek osatu zuten bikotea, eta haiek 20-9 galdu zuten. Zazpi koadroren barruko buruz burukoan, azkenik, Jokin Aizpuruk 14-20 menderatu zuen Zumarragako arerioa.

Lau partida irabazi eta bi galdu dituzte Oteizakoek final zortzirenetan, eta hala lortu dute final laurdenetara sailkatzea. Hurrengo fasean, Astigarraga izango dute aurkari azkoitiarrek, eta datorren astean hasiko dute haien aurkako lehia. Astigarraga iaz finalera sailkatu zen, baina txapela Donostiak jantzi zuen, azken partidako azken tantoa eginda.

Gomazko palistek joaneko partidak Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte datorren astean, eta itzulerakoak, Astigarragan bi aste barru. Finalerdietara sailkatuz geroz, Hernani-Lasarte-Oria kanporaketako garailea edo Aia izango dute haiek kontrario.

Eskuzkoek, gaur

Oteiza elkarteko eskuzko pilotariek gaur, ostirala, dute hitzordua, Ataunen (Gipuzkoa). 19:00etan jokatuko dute pilotariek Auzoeta pilotalekuan, eta joan den astean Gurea frontoian eskuratutako emaitza errematatzera kantxaratuko dira. Joaneko partidetan emaitza ona lortu zuen Azkoitiak, hiru partidak irabazita. Kadete mailan, 22 eta 4 irabazi zuten Julen Etxanizek eta Urtzi Segurolak. Gazte mailan, 22 eta 6 gailendu ziren Jon Arregi eta Imanol Bastida, eta nagusien lehian, 22 eta 21 nagusitu ziren Mikel Aranbarri eta Alex Juaristi. 

Hori hala, Azkoitiak 66 tanto ditu alde, eta 31 Ataunek; partida bat irabaztea edota hiru partiden artean 32 tanto gehiago egitea aski izango dute Oteizakoek final laurdenetara sailkatzeko. Aurrera egitea lortuz geroz, Astigarraga-Beasain kanporaketako irabazlea izango du arerio Azkoitiak. Beasainek 1-2 irabazi zuen joan den astean Astigarragan (Gipuzkoa), kadete mailan 22-3 galduta, eta gazteen eta nagusien mailan, hurrenez hurren, 0-22 eta 12-22 irabazita. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide