Albistegia

Helduen danborradako aurreneko entseguan gogoz astindu dituzte atabalak

Urtzi Oteiza 2024ko aza. 5a, 11:52

Helduen danborradako aurreneko entsegua egin zuten atzo parte hartzaileek zein antolatzaileek, eta danbor eta barrika hotsez bete zuten Gurea pilotalekua.

Tata elkartearen eskutik, azaroaren 23an helduen danborrada egingo dute sanandresen bueltan, eta desfilea behar bezala atera dadin, hura prestatzen hasi ziren atzo, astelehena, antolatzaileak zein parte hartzaileak. Aurten, gainera, abesti berri bat ikasi beharko dute horiek: San Martin martxa, Miguel Mari Azpiazu musikari azkoitiarrak konposatutako pieza hori ere eskainiko baitute danborradan.

Napoleon taldea, Ixkitturri, Xabier Munibe Ikastola, Txintxarri, Zalduntxoak, Belaño eta talde mistoren txanda izan zen atzo, entseguan. Izan ere, iaz bezala, aurten ere taldeka banatuta egingo dituzte entsegu saioak: hau da, astelehenetan taldeen erdiek egingo dute entsegua, eta asteazkenetan, beste erdiek. Dena den, bi entsegu egun horietarako talde misto bat ere osatuko dute, taldeei izendatutako egunean entsegua egiteko aukerarik ez duten parte hartzaileentzat. Egun horietan 20:00etan elkartuko dira Gurean, eta zapatuetan, 11:00etan; egun horretan, parte hartzaile guztiek entseatu ahal izango dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide