Ohitura zaharrari eutsi diote azkoitiarrek Urrategiko egunean. Atzo, igandea, ospatu zuten Urrategi auzoan Urrategiko Ama Birjinaren eguna, eta beti moduan, askotariko ekintzak prestatu zuten auzoaren festa egun handirako. Goizean, jende asko bildu zen meza nagusian; Felix Azurmendi erretoreak eta Fernando Prado Gipuzkoako gotzainak zuzendu zuten elizkizuna. Ondoren, berriz, trikitilariak eta bertsolariak atera ziren plazako oholtzara, jendeak hamaiketakoa egiten zuen bitartean.
Auzoko elkartean bazkaria egin zuten zenbait auzotarrek, eta arratsaldean haurrentzako puzgarriak, Iago magoaren ikuskizuna eta aurpegia margotzeko tailerrak izan ziren. Herri kirolak ere izan ziren, baita trikitilariekin erromeria ere. Honako bideo honetan ikus daiteke laburbilduta atzoko egunak Urrategi auzoan eman zuena.
Irudiak: Ibon Errazu