Haurrentzako jolasak, herri kirolak eta erromeria, Urrategiko jaiak agurtzeko

Intza Trula 2024ko uzt. 15a, 14:30

Urrategiko festak ospatu dituzte ostiraletik igandera bitartean, atzoko eguna jaietako egun handia izanik. Goizean, meza, bertsolariak eta trikitilariak izan zituzten; arratsaldean, berriz, askotariko jolasetan parte hartu zuten umeek, eta herri kirolez zein erromeriaz gozatzeko aukera ere izan zuten joan zirenek. 

Amaitu dira Urrategiko jaiak. Ostiraletik hasita, festa betean murgilduta egon dira auzotarrak, eta atzo iluntzera bitarte askotariko ekitaldiz gozatu zuten bertan. 

Ostiralean, mus txapelketarekin abiatu zituzten jaiak, eta larunbatean izan zuten auzo bazkaria. Halere, indarrak gorde behar izan zituzten hirugarren eta azken egunerako; izan ere, Urrategiko Ama Birjinaren eguna zela eta, festetako ekitaldi nagusiak izan zituzten atzoko egunez. Goizean, Felix Azurmendi erretoreak meza zuzendu zuen frontoian eta, ondoren, mokadutxoa egin zuten han bildutakoek. Horrez gainera, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariek girotu zuten Urrategi, eta Joanes eta Xabat Illarregi anaiak aritu ziren bertsotan.

Arratsaldean, umeek gozatu ederra hartu zuten puzgarrietan, eta etxera aurpegia margotu gabe heldu zenik ez zen izan. Jarraian, jende ugari bildu zen hesiaren atzean, Jon Unanue Goenatxo III.ak zein Mikel Larrañagak eta Olaia Esnaolak eta Julen Alberdi Txikia IV.ak jokatutako herri kirol proba konbinatua bertatik bertara ikusteko. Herri kirolen ondoren, dantzan agurtu zituzten jaiak Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien erromeriarekin.

Otarreak badu jabea

Igande arratsaldean, herri kirol saioaren ondoren, zozkatu zuten aurtengo otarrea Urrategin. Momentuan ez zen sariaren jaberik agertu, baina gaur bai: 664 izan da aurten zenbaki saritua, eta Xukuxu baserriko Pakita Aranbarrirentzat izan da otarrea.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide