Urrategiko Ama Birjinaren eguna dela eta, auzoko jai egun nagusia ari dira ospatzen gaur, igandea, Urrategin. 09:00etan eta 11:00etan izan dira elizkizunak, eta ohi bezala, Felix Azurmendi erretoreak auzoko frontoian zuzendu duen 11:00etako meza nagusian jendetza elkartu da; elizkizunerako jarritako aulki guztiak bete dira, eta jende zutik ere jende ugarik jarraitu du Azurmendiren meza. Aurtengoan, gainera, Fernando Prado Donostiako gotzaina izan da meza nagusian.
Mezaren ondoren, mokadutxoa egiteko eta trago freskoa hartzeko aukera izan dute han bildutakoek. Gainera, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariak oholtza gainetik aritu dira auzoko plaza girotzen. Zenbait abesti jo eta gero, Joanes eta Xabat Illarregi anaiak aritu dira bertsotan.
Arratsaldean, gehiago
Arratsaldean jarraituko du festak Urrategin. 16:00etan, haurrentzako jolasak izango dira, eta 17:00etan, Iago magoaren ikuskizuna. 18:00etan, berriz, herri kirol proba konbinatua jokatuko dute Jon Unanue Goenatxo III.ak zein Mikel Larrañagak eta Olaia Esnaolak eta Julen Alberdi Txikia IV.ak. Herri kirolen ondoren eta jaiak amaitzeko, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien erromeria izango da.