LGTBI Komunitatearen eskubideak aitortzeko adierazpena onartu du Azkoitiko Udalak

Ane Olaizola 2024ko eka. 28a, 11:41

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira Azkoitiko udaletxeko balkoian jarritako bandera. (Ane Olaizola)

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionala onartu du udalbatzak ekaineko osoko bilkuran, EAJ, EH BIldu eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin eta Azkoitia Bai plataformaren kontrakoekin. LGTBI komunitatea osatzen duten pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egiteko konpromisoa hartu du erakundeak.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da gaur, eta komunitate horren eskubideak aitortu eta aldarrikatzeko adierazpen instituzionala onartu du Azkoitiko Udalak. Herenegun egin zuen udabaltzak ekaineko ohiko udalbatzarra, eta han onartu zuten adierazpena, EAJ, EH BIldu eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin eta Azkoitia Bai plataformaren kontrakoekin. Herri plataformaren ustetan, gisa horietako adierazpenak zein mozioak "ez dira eraginkorrak", eta herenegun ere horregatik erabaki zuen hura ez babestea: "Testu hauek irakurri ostean kajoian sartu eta hor gelditzen dira. Bestalde, beste ekimen batzuk ere egiten dira, eta hor izan duzue, eta izango duzue gure babesa", azaldu zuen taldeko bozeramaile Jose Joakin Etxanizek.
 
Udalak hainbat konpromiso hartu ditu onartu berri duen adierazpenaren bidez: hain zuzen, LGTBI komunitatea osatzen duten pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egingo duela agindu du, ondoren han oinarritutako ekintza planak garatzeko. Prozesu hori kolektibo horretako kideekin batera egingo dutela azaldu dute, eta inor egon ezean, "erreferente edo norbanako ezberdinak aktibatzeko moduak" sustatuko dituzte.
 
Horrez gain, udalak eskerrak eman dizkie sexu askapenerako borrokan aritzen diren norbanako zein eragileei. "Beren dedikazioari, konpromisoari eta ausardiari esker, gaur lorpen garrantzitsuak ospa ditzakegu giza eskubideen eta eskubide sozialen arloan". Ordea, oraindik diskurtso eta jarrera LGTBIfobikoak mantentzen direla ohartarazi du, eta horren aurrean, "atzerapausorik" ez dutela onartuko azpimarratu dute. Ildo horretan, komunitate horren aldeko borroka "guztion borroka" dela berretsi du erakundeak.
 

Elkarretaratzea eta antzezlana, gaur

 
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza prestatu ditu udalak. Asteazkenean, esaterako, Zarata proiektua aurkeztu zuten Portaleburun, eta gaur elkarretaratzea egingo dute plazan, 18:00etan. Ondoren, Askatu Armairuko Gogoetak antzezlana ikusi ahal izango da Elkargunean. Udalak sentsibilizazio eta aldarrikapen ekitaldiekin bat egitera gonbidatu ditu herritarrak: "Keinu txikiak elkartasunaren eta babesaren erakusgarri dira, eta agerian uzten dute ekainaren 28a aniztasunaren aldeko borroka eguna dela".

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide