"Poza hartu dugu gurekin akordatu direlako"

Urtzi Oteiza - Ane Olaizola 2024ko eka. 7a, 10:10

Txulue elkarteak Beti Poz elkartea omenduko du bihar, pilota sustatzen egin zuen lanagatik. Aitortza jasoko duten bi dira Carlos Arrizabalaga eta Jesus Azkoitia. 

Elkarte bakoitzak kirol jarduera baten ardura hartu behar zuela eta, herrian pilota sustatzearena hartu zuen bere gain Beti Poz elkarteak 1960ko hamarkada hasterako, eta ia 40 urtez jardun zuen zeregin horretan. Txapelketa eta egitasmo ugari antolatu zituen, eta egindako lanaren aitortza egingo diote bihar, Azkoitiko Pilotari Egunean. Orduko bi kide dira Jesus Azkoitia Albitxuri (Azkoitia, 1932) eta Carlos Arrizabagala Xapatero (Azkoitia, 1937).

Beti Poz elkartea, gastronomikoa izanik, zer lotura izan du pilotarekin?

Jesus Azkoitia: Beti Poz elkarteak izen horrekin jarraitu nahi bazuen, pilota partidak antolatu behar genituela esan ziguten, eta orduan hasi ginen horretan. Garai hartan, Interdistritoak —Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatzen zuen barrutien arteko txapelketa— jokatzen ziren, eta elkartea txapelketa horretara aurkeztu zen ardura hori hartu eta urtebetera. Herriko pilotariak, azpeitiarrak, zestoarrak... aritzen ziren gure Azkoitiko barrutian, Aizarnazabaldik hasi eta Aizpurutxora bitarteko pilotariekin distritua osatu baikenuen. Herriko batzuk ere baziren taldean: Txikito VI.a, Andueza I.a, Andueza III.a... Txapelketa hasi genuen, eta irabazleek beste distrituetakoekin jokatzen zuten. Binakakoan ez, baina banakako txapelketan irabazle atera ginen, Andueza I.ak Tolosako Saizarri irabazita.

Zer beste txapelketa antolatu zenituzten?

Carlos Arrizabalaga: Herriarteko txapelketa hasi zen gero, eta Beti Poz bere pilotariekin hasi zen txapelketa horretan parte hartzen. Azkoitiak orain arte jarraitu du han parte hartzen, urtero-urtero lehiatu baita txapelketa horretan. Horrez gain, auzoen arteko txapelketa ere egiten genuen, Martirieta, Urrategi, Madariaga eta Elosuren artean. Herriartekoa amaitzen zenean, berriz, beste lurraldeetako irabazleekin egiten genuen txapelketa.

Bestalde, 10 eta 16 urte bitartekoentzako Txikito Azkoitia memoriala antolatzen genuen. Horrez gain, 24 orduz etenik gabe iraun zuen pilota jardunaldi bat ere antolatu genuen. Urtearen amaieran, berriz, pilota federazioak asanblada egiten zuen. Han erabakitzen zen urte hartan zein klubek edo elkartek egin zuen lan gehien, eta Beti Pozek askotan jaso zuen aitortza. Goiko Losa ere berritu genuen, ura dariola egoten zelako lehen, eta hura berritu zenean, lau eta erdiko torneo bat antolatu genuen. Kontzejupe txapelketa ere prestatu genuen, gaur egun ere martxan jarraitzen duena. San Andres egunean, herriko pilotari zaharrak etortzen ziren hango irabazleei txapelak jartzera, eta ondoren afaltzera joaten ginen; polita izaten zen hori. Horrez gain, Beti Pozek pilotarien batzarra ere antolatu zuen, eta egun handia izan zen hura, besteak beste, Euskal Herriko lehengo pilotari zahar guztiak etorri zirelako; sekulako festa izan zen. Atano III.a txapelketa ere Beti Pozek antolatzen zuen, eta horrek ere jarraitzen du gaur egun.

Garai hartan, nola bizi zen pilota herrian?

C.A.: Pilotari asko zeuden orduan. Batzuk enpresek hartzen zituzten, eta beste batzuk afizionatuetan geratzen ziren. Inoiz ez genuen arazorik izan Herriarteko txapelketan irteteko, baina beste herri batzuk taldea ezin osatuta ibiltzen ziren. Hain zuzen, Herriartekoan urtero irten den taldea da Azkoitikoa.

Noiz arte jarraitu zuen Beti Pozek jardun horretan?

C.A.: 40 bat urtean jardun zuen. Beste elkarte batek martxan jarri zuen gazteentzako pilota eskola, Beti Pozi lekukoa hartuz. Orduan utzi genion pilotari, eta Beti Pozek soilik elkarte gastronomiko izaten jarraitu zuen gero.

Zer eragiten dizue biharko omenaldiak?

J.A.: Poza hartu nuen gurekin akordatu zirelako, garai hartan elkartzen ginen ia inor ez delako bizi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide