Txulue elkarteak Beti Poz elkartea omenduko du aurtengo Pilotari Egunean

Ane Olaizola 2024ko eka. 5a, 10:37

Xala pilotaria, iaz, Pilotari Egunean. (Ane Olaizola)

Inoiz baino egitarau zabalagoa prestatu du Txulue elkarteak aurtengo Pilotari Egunerako. Ostiralean hasiko da pilotaren festa, umeentzako ekitaldiekin, eta larunbatean, pilota partiden eta omenaldien epizentro bihurtuko da Kontzejupea. Azkoitia Gukak zuzenean emango ditu partidak eta omenaldia. 

Txulue elkarteak prest du VIII. Pilotari Eguna, eta aurtengoan inoiz baino egitarau beteagoa izango du herriak esku pilotan izan duen tradizioa omentzen duen egitasmoak. Era berean, antolatzaileek Beti Poz elkarteari egingo dio omenaldia aurten, soziedade horrek herrian pilota txapelketak antolatzeko ardura izan zuelako hamarkada luzez. Horretan jardun zutenek jasoko dute festa egunari hasiera ematen dion aitortza, Kontzejupea; zortzigarrenez, udaletxe azpiko frontoia bilakatuko da Pilotari Eguneko epizentro.

Aurten, ostiralean hasiko dituzte Pilotari Eguneko ekintzak, eta Pilotari Txiki egunarekin, herriko umeentzako hamaika saio prestatuko dituzte. Besteak beste, ginkana egingo dute arratsaldean, eta Elidoro errioxarrak pilotak egiten irakatsiko du. Haurrei zuzendutako eguna izango da ostirala, eta beraz, antolatzaileek pilotariz janztera animatu ditu umeak egun horretan.

Ohi bezala, larunbatak hartuko du Pilotari Eguna, eta betea izango da goizetik gauera bitartean: kalejirek, buruhandiek eta musika taldeek herriko txokoak hartuko dituzte, eta nola ez, pilota partidak izango dira nagusi kontzejupean. Pilotari Eguneko txapelketetako finalak hasi aurretik, 12:00etan binakako partida bana jokatuko dute Arrietak eta Olaiak Barrocal eta Orbegozoren aurka, eta Andreuk eta Goenagak Azketa eta Matxinandriarena bikotearen aurka.

Beti Pozi omenaldia egin ondoren hasiko dira pilota finalak, eta gizonen banakako lehia izango da aurrena, 13:45ean. Emakumeen banakako eta gizonen binakako finalak, berriz, arratsaldean izango dira, 18:45ean eta 19:30ean, hurrenez hurren.

Zuzenean, Azkoitia Gukan

Pilotari Egunean Kontzejupean jokatuko dituzte partida guztiak, eguerdikoak zein arratsaldekoak, zuzenean ikusteko aukera izango dute aurten herritarrek, Azkoitia Gukaren webgunean, sari banaketa ekitaldia barne. Era berean, Beti Poz elkarteari egingo dioten omenaldia ere zuzenean jarraitu ahal izango da hedabidearen ataritik.

Hemen Pilotari Eguneko egitaraua, osorik: 

  • Ekainak 7, ostirala. Pilotari Txiki eguna.
    • 17:00. Umeentzako ginkana.
    • 18:00. Guka aurkezpen ekitaldia.
    • 18:30. Gune ezberdinen irekiera: jan eta edateko txokoa.
    • 18:30-20:00. Eliodoro errioxarrak pilotak nola egin erakutsiko du.
  • Ekainak 8, larunbata. Pilotari Eguna.
    • 08:00-14:00. Iñigo Bordak mural bat margotuko du, Goiko Losa pilotalekuan.
    • 11:30-13:00. Kalejira, txistulari, erraldoi eta buruhandiekin.
    • 12:00-14:00. Eingo taldea herriko kaleak alaituz.
    • 12:00. Emakumeen partida: Arrieta-Olaia eta Barrocal-Orbegozo
    • 12:30. Gizonen partida: Andreu-Goenaga eta Azketa-Matxinandiarena.
    • 13:15. Beti Poz elkarteari omenaldia eta txupinazoa.
    • 13:45. Gizonen banakako finala.
    • 14:30. Bazkaria.
    • 16:00-18:30. Skapaie elektrotxaranga.
    • 18:45. Emakumeen binakako finala.
    • 19:30. Gizonen binakako finala.
    • Amaieran, sari banaketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide