Guka gara!

Badator Azkoitiko Gukakide festa

Erredakzioa 2024ko eka. 3a, 18:00

Azkoitia Gukak Gukakide festa egingo du ostiralean, herriko plazan. Eguna iritsi aurretik, irakurleak, bazkideak, babesleak, eta oro har, herritar guztiak festara gonbidatzeko bideoa egin du Hautz lokalak.

Egunak besterik ez dira falta Azkoitiko Gukakide festarako. Pilotari Egunekoekin elkarlanean, ostiral arratsaldean egingo dugu haurrei zein helduei zuzendutako festa. Ostiraleko egunaren atarian, Hautz lokaleko gazteek, 2023ko andremarietako film laburren lehiaketan Ofizinie lanarekin ikusleen saria eskuratu zutenek, herritarrei gonbidapena luzatu diete Azkoitia Gukarekin elkarlanean.

Hain justu, Maxixatzen izan zen iazko film laburrak egiteko gaia, eta Hautz lokalak Gukarekin lotu zuen bere ikus-entzunezkoa, Maxixatzenetik Gukara arteko bidea erakutsiz. Hori horrela, Hautz lokalak eta Azkoitia Gukak elkarlanean egin dute orain Azkoitiko Gukakide festa iragartzeko bideoa; Azkoitia Gukaren egungo eskaintzaren errepaso azkar bat ikus daiteke ikus-entzunezkoan.

Festa, ostiral arratsaldean

Pilotari Egunekoekin elkarlanean, Kontzejupearen bueltan ospatuko dugu Azkoitiko Gukakide festa, ostiralean. 17:00etan, Pilotak aurkitzen umeentzako ginkana egingo dute Abarketatxo ludotekarekin eta Artxamendi topalekuarekin batera, eta ondoren, pilotak egiten irakatsiko du Eliodoro errioxarrak.

18:00etan hasiko da askotariko osagaiak izango dituen Gukaren aurkezpena; esaterako, Idoia Alberdi eta Pilotari Eguneko antolatzaileak elkarrizketatuko dituzte bertan; Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatuta, Eneritz Artetxek eta Naia Arrizabalagak bertsotan egingo dute; eta Herrixenekin elkarlanean, Zakelmariren zozketa egingo dute. Plazatik igarotzen diren herritarrek zozketarako txartelak jasoko dituzte horrenbeste urtean Maxixatzenen bidelagun izan den Zakelmariren eskutik, eta Herrixen elkartearen erosketa bonu bat irabazteko aukera izango dute guztiek. Azkoitiko Gukakide festari amaiera borobila emateko, jan-edanerako postua eta photocall-a zabalduko dituzte, guztien gozagarri.

Hona hemen, Azkoitiko Gukakide festaren egitaraua:

  • 17:00etan, umeentzako ginkana. Ondoren, pilotak egiten irakatsiko du Eliodoro errioxarrak, Kontzejupean.
  • 18:00etan, Gukaren aurkezpen ekitaldia, Kontzejupean.
  • 18:30ean, jan-edanerako postuaren eta photocall-aren irekiera, Kontzejupean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide