Guka aurkeztu zuen astelehenean Urolako Komunikazio Taldeak (UKT), erakundeei zuzendutako ekitaldian, eta, orain, bazkideen, kolaboratzaileen, herriko eragileen eta herritarren aurrean aurkezteko unea heldu da. Izan ere, marka herrira zabaltzeko asmoz, Gukakide festak antolatu ditu UKTk datozen asteetarako. Bost herritan prestatu dituzte jardueraz betetako egitarauak: Azpeitian, Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, hain zuzen ere. Ekitaldiak herri horietan soilik egingo badituzte ere, eskualdeko herritar eta Guka markaz gehiago jakin nahi duen oro dago gonbidatuta Gukakide festetara.
Azkoitian ekainaren 7an, ostirala, izango da Gukakide festa, Kontzejupean. Pilotari Egunekoekin elkarlanean osatu dute egun horretarako helduentzako zein haurrentzako egitaraua. 18:00etan Pelotak aurkitzen umeentzako ginkana egingo dute Abarketatxo eta Artxamendi Topalekua ludotekekin elkarlanean prestatuta, eta 18:30etik aurrera pilotak egiten irakatsiko du Eliodoro errioxarrak. 18:00etan hasiko da askotariko osagaiak izango dituen Gukaren aurkezpena; esaterako, Idoia Alberdi eta Pilotari Eguneko antolatzaileak elkarrizketatuko dituzte bertan, Erniarraitzek antolatuta Eneritz Artetxek eta Naia Arrizabalagak bertsotan egingo dute, eta Herrixenekin elkarlanean, Zakel Mariren zozketa egingo dute. Azkoitiko Gukakide festari amaiera borobila emateko, jan-edanerako postua eta photocall-a zabalduko dituzte, guztien gozagarri.
Hona hemen, Azkoitiko Gukakide festaren egitaraua:
- 18:00. Umeentzako ginkana.
- 18:00. Gukaren aurkezpen ekitaldia Kontzejupen.
- 18:30. Pilotak egiten irakatsiko du Eliodoro errioxarrak Kontzejupean.
- 18:30. Guneen irekiera: jan-edanerako postua eta photocall-a Kontzejupean.