Urola Erdiko Energia Mahaiak, Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, Energia Jardunaldiak antolatu ditu eta azaroaren 21ean abiatuko dira Azkoitian. Energiarekin loturiko hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da goiz osoan. Ekintza guztiak Balda plazan izango dira eguraldiak laguntzen badu, 10:00etatik 14:00etara. Bestela, berriz, Kontzejupean izango dira. Besteak beste, herritarrek auto eta bizikleta elektrikoak probatzeko aukera izango dute. Baita energia berriztagarrien erakusketa ikusteko ere, Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskutik. Halaber, hainbat tailer ezberdin egongo dira: 11:00etan, “Etxeko Kontsumoen fakturaren azalpena eta interpretazioa”. 12:00etan, “Biomasa Galdararen funtzionamendua eta sare/kontsumoen azalpena”. 13:00etan, “Eraginkortasuna argiterian”. Azkoitiko ekitaldiez gain, Beizaman eta Azpeitian ere hitzaldiak eta solasaldiak izango dira azaroan zehar. Abenduan “OliagopolyOFF” filmaren emanaldiak jarriko die amaiera jardunaldiei. Abenduaren 1ean proiektatuko dute filma Elkargunean, 19:00etan.
Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton taldea osatzen duten 146 kidek antolatu dute azaroaren 21eko XI. Herri Lasterketa. 16:30ean hasiko da herriko plazan, eta parte-hartzaileek, guztira, hamar kilometro egin beharko dituzte Azkoitiko kaleetan zehar. Ormaetxea txirrindulari elkarteak eta Azkoitiko Triatloi taldeak lagundu diete lasterketa antolatzen. Bitartean, trafikoan normaltasuna eten daiteke eta arazoak sortu. Horregatik, Udalak sor daitezkeen eragozpenez jakinaren gainean jarri nahi ditu herritarrak, denbora gutxiko kontua izango denez, ulertzeko eskatzen die aurrez eskertuz.
Larunbatean izango den danborradaren ibilbidea laburtu egingo dute eguraldi txarra egiten badu. Danborrada gaueko 22:00etan irtengo da Gurea pilotaleku paretik. Euririk egiten ez badu, geldialdiak egingo dituzte Herriko Plazan, Balda Plazan eta Julio Urkixo kalean. Handik berriro plazara joango dira jotzera eta pilotaleku parean emango zaio amaiera. Aldiz, euria egingo balu, pilotalekutik Balda Plazara joango dira zuzenean danbor-joleak, eta han hiru pieza jo ondoren, Herriko Plazara itzuliko dira zuzenean. Beraz, honela gelditzen dira bi ibilbideak: Eguraldi onarekin: pilotalekua-Herriko Plaza-Kale Nagusia-Balda Plaza-Julio Urkixo-Kale Nagusia-Herriko Plaza-pilotalekua. Eguraldi txarrarekin: Pilotalekua- Balda Plaza- Herriko Plaza-Pilotalekua. Oharra: Bestalde, danbor-jole bakoitzari eskatzen zaio mesedez gerrikoa eramateko.
Datorren zapatutik hasi eta abenduaren 1era arte, hainbat ekintza izango dira herriko kaleetan San Andresetako egitarauaren barruan. Udalak azkoitiarren etxeetara banatuko du San Andresetako egitaraua gaur eta bihar. Behean duzue egitaraua egunez egun.