Barriken Iturria, herriaren altxorra

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko abuztuaren 2a

Barriketako Iturria, 1963an. (Indalecio Ojanguren)

Udalak aurten eraberritu du Barriken Iturria, eta hori aitzakia hartuta, Gukak iturri horren ezaugarriak eta historia azalduz osatu du abuztuko Zaharrak Berri ataleko ekarpena. 1963. urteko argazkia da hil honetan Guka erakusten ari dena, Indalecio Ojanguren argazkilariarena.

Eliz atarian dagoen Barriken Iturria iturri neoklasiko bat da. Balio handiko monumentu multzoa osatzen du iturri horrek Idiakez dorrearekin edota Etxebeltz jauregiarekin eta Andre Mariaren Jasokundearen parrokiarekin batera. Barriken Iturria gaur eliz atarian badago ere, aurrez Idiakaiz 6 zenbakiko plazatxoan egon zen, Plazaberrin, hain zuzen. Hori hala, Barriken Iturria Azkoitiko sinboloetako bat bilakatu da, herriaren irudi nabarmenetako bat.

Iturriak bloke kubiko bat du, hiru koloretako kareharriz egina, eta 1831ko data du erdian; izan ere, urte horretan egin zuten iturria. Nolanahi ere, iturriaren bereizgarri nagusienak dira alde banatan dituen barrikak. Barrika bakoitzetik irteten da ura, eta aska angeluzuzen batean bildu. Zutabe batean danborra ageri da bloke horren gainean, eta loreontzi neoklasiko handi bat gainean.

Baina, nork egin zuten halako artelana Azkoitian? Bada, Mariano Jose Laskurainek. Laskurain XIX. mendeko arkitekto mutrikuarra (Gipuzkoa) zen, eta proiektu urbanistikoak eta erakunde mailako zenbait proiektu gauzatu zituen. Madrilgo San Fernando Arte Ederren Errege Akademian hezi zen, eta egun, arkitektura neoklasikoaren egile garrantzitsuenetako bat da.

Barriketako Iturriaren argazki hau Indalecio Ojanguren argazkilariak egin zuen duela 63 urte, 1963. urtean, hain zuzen. Urola ibaiaren bestaldean ere bestelakoa zen egoera orduan. 

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide