Plazaberria da Azkoitiko herriaren bihotza, garai bateko herri harresitua alderik alde hartzen zuen plaza. XX. mende hasierako argazkia hautatu du Azkoitia Gukak hil honetako Zaharrak Berri atalerako. Ordutik asko aldatu da inguru, argazkiari erreparatzea aski da horretaz jabetzeko.
Egun autoak igaro daitezkeen galtzada-harri bidean zegoen, esaterako, orain eliz atarian dagoen eta herriaren ikurretako bat den Barriketako iturria. 1831n egindako iturri neoklasikoa da Barriketako iturria, Mariano Jose Laskurainek diseinatua. Iturri horren atzean, berriz, zumardi bat egon zen, Plazaberriaren ezkerreko nahiz eskuineko kaleak baino koska bat gorago zegoen zabalguneari gerizpea egiten ziona.
XIX. mendean sortu zelako du Plazaberriak izen hori. Erdi Aroko almendra itxurako kalea hustu eta bertan zuhaizti erromantiko aitzindari bat eraiki zuten. Plaza Berrian zenbait eraikin berezi daude egun, horien artean udaletxe zaharra izan zen Altzibar jauregia. XVI. mendeko eraikina da hura, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta korrejidorearen egoitza ere izan zen. Ordea, XVIII. mendean egokitu zuten eraikin hura, eta jauregi etxe bihurtu zuten. Plazaberrian dago, era berean, Txurrukaetxea ere. Etxe hori 1847. urtean handitu zuten itxura erromantikoa emanez.
Batek daki etorkizuneko Plazaberria nolakoa izango den. Lehengoa edo oraingoa nahiago?
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.