Herritik eta herritarrek sortutako plataforma bat da, eta euskal herritarron erabakitzeko eskubidearen bidez, etorkizuna modu demokratiko eta baketsuan eraikitzeko bidea zabaldu nahi dugu.
Gure Esku Dagok abian jarritako dinamikari jarraituz, prozesu parte-hartzaile bat jarri genuen abian joan den maiatzean; helburuen berri eman eta talde eragilea osatzea izan zen lehen pausoa. Herri galdeketa ariketa anitza izatea da gure nahia eta borondatea, herri honen gizarte koloretsuaren isla izateko; ideologia, pentsamendu, jatorri, sinesmen edota kultura ororen gainetik kokatuko den ariketa demokratikoa. Etorkizunaz modu librean eta irekian iritzia ematea gure eskubidea delako elkartu gara.
Abiagunea garbi izanda, galdeketarako bidea marraztea da gure egitekoa datozen hilabeteotan. Talde eragile zabala eratu dugu: batzordeetan banatuta, eta eskualde osoko taldeekin elkarlanean, modu aktiboan arituko gara lanean, unean uneko informazioa herritarrekin partekatuz. Datozen egunotan aurkeztuko dugu herritarren aurrean talde eragilea.
2017ko udaberrian egingo dugu galdeketa, Urola Kostako sei herritan. Elkarrekin egingo dugu denok bidea. Maxixatzen herri komunikabideak utzi digun plataforma hau erabiliko dugu zuokin komunikatzeko. Sare sozialen bidez ere (Facebook eta Twitter), etengabe partekatuko dugu informazioa. Eta nola ez, Azkoitiko kalean ikusiko dugu elkar. Ekintzaz jositako agenda ari gara prestatzen, erabakitzeko eskubideaz elkarrekin solas egiteko. Sinadura-bilketa izango da prozesuari hasiera emango dion ekintza nagusiena. Horren berri ere emango dizuegu datozen egunotan, plaza honetan bertan.
Egin dezagun URRATSa denok elkarrekin!
Erabaki dezagun gure etorkizuna, Gure Esku Dago eta!