2017ko udaberrian egingo da erabakitzeko eskubidearen inguruko galdeketa

Maxixatzen.eus 2016ko urr. 20a, 09:36

Goiko argazkian, Azkoitiko Gure Esku Dago-ko ordezkariak; behekoan, Urola Kostako sei udalerritako ordezkariak.

Urola Kostako sei udalerritan aldi berean antolatuko dute galdeketa: Azkoitian, Zestoan, Zumaian, Getarian, Orion eta Zarautzen. Atzo, Azpeitiak lekukoa eman zien, herri bakoitzari hautestontzi bana emanda.

 

Erabakitzeko eskubidearen inguruko herri-kontsulta datorren urteko udaberrian egingo da Azkoitian eta Urola Kostako beste bost herritan (Zestoan, Zumaian, Getarian, Orion eta Zarautzen).

Gure Esku Dago herri dinamikak sustatuko du prozesua, baina tokia- tokian galdeketak antolatzeko taldeak eratu dituzte: Azkoitiko taldeak "Urrats" izena hartuko du. Joan den hilean egin zuten aurkezpena, Elkargunean.

Azpeitian jaso zuten, atzo arratsaldean, lekukoa Urola Kostako sei udalerrik. "Hitzartu" taldeak antolatu zuen Azpeitiko galdeketa, ekainean, eta talde horretako arduradunek boto-kutxa bana eman zieten Azkoitiko, Zestoako, Zumaiko, Zarauzko eta Zestoako arduradunei.

 

Herri-galdeketa egiteko, lehenik eta behin, sinadurak bildu behar dituzte herrietan, berme modura. Sinadura kopurua herri bakoitzeko bizilagunen araberakoa izatean da. Azkoitian, esaterako, 1.000 sinadura inguru bildu behar dira. Behin hori eginda, kontsultak ofizialki deituko dituzte. "Urrats" taldeak datozen asteotan jakinaraziko du sinadurak non eta noiz biltzen hasiko diren.

"Erabakitzeko eskubidea guztion topalekua da. Subiranotasun edo herri antolaketa auziak modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarren parte hartzean sakonduz bideratu behar dira, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, erabakiak herritarron borondatean eta nahieran oinarrituz", esan dute Azpeitiko ekitaldian bildutakoek.

Joan den apirilean aro berri bati ekin zion Azkoitiko Gure Esku Dago taldeak, eta galdeketen olatua hartzeko prestatzen hasi ziren. Taldea eraberritu, eta Leire Lopezek hartu zuen gidaritza. Begirada herri galdeketan jarrita ekin zioten bide berriari, eta horretarako lan-talde zabala osatuta dute. Batzordez batzorde banatuta, dozenaka herritarrek hartu dute erabakitzeko eskubidearen inguruko kontsulta antolatzeko konpromisoa.  

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide