EAJk horrelako bi erantzun jarraian ematea, gure idatziak eragina izan duen seinale dela esango genuke, egia batzuk entzuteak mindu egin dituela.
Ez dakigu dagoeneko zenbat aldiz esan diguten, udal prozesu bat martxan dagoen bitartean ez kaleratzeko ezer, eta juxtu hori da EAJk egin zuen inkestan gertatu zena. Horregatik erabaki genuen idatzi bat zabaltzea.
Baina zentratu gaitezen parte hartzean eta erabakigarritasunean, gai horri heldu baitiote gehienbat.
Bigarren idatzian herritarrenganako errespetua aipatzen dute, eta nahiz eta guk hitz hori ez erabili, aproposa iruditzen zaigu beraien jarrera azaltzeko.
Beraiek eta guk parte hartze prozesuak desberdin ulertzen ditugu. Guretzat, parte hartzea loteslea da eta guztion artean egitekoa; beraientzat, hasterako bukaera erabakita izaten duen prozesu bat da, eta bidea okertzen bada, herritarrei hitza eman zaiela esan –entzutea bakarrik nahikoa izango balitz bezala–. Hor, guretzat, errespetu falta bat dago herritarrarekiko, entzutea ez baita nahikoa, herriak erabakitzeko eskumena ere behar baitu.
Aurreko agintaldiko Herrilab prozesuan ere horixe bera egin zuten, orduan ere egoitza tarteko: prozesuan parte hartu zutenei entzungor egin, prozesuan parte hartu ez zuten beraien taldekoei eginiko azken inkestak argitaratu, eta horrela kamuflatu aurretik hartuta zuten erabakia. Eta nola sentitu ziren prozesuan parte hartu zutenak? "Honetarako deitu naute, gero nahi dutena egiteko"? Horrelakoa da batzuen parte hartzea.
Hori bai, auskalo zenbat aldiz entzun behar izan genuen aurreko agintaldian, herritarrek hauteskundeetan emandako gehiengoa zutela eta horrek legitimatzen zituela beraien erabakiak. Orain, berriz udaleko gehiengo batek beraien erabakiren bat lehentasun bezala ikusten ez badu, boikota deitzen diote. Oposizioko taldeek lortu dituzten bozak ez ote dira legitimoak? Ez ote da legitimoa oposizioaren gehiengoak San Jose egoitzara igogailua jartzea baino, diru hori egoitza kalera jaisteko erabiltzea nahiago izatea?
Gure parte hartzea ulertzeko modua, beraientzat, Azkoitia Baik erabakiak ez hartzeko modu bat da. Azkoitia Baik, erabakiak hartzeko ez du inoiz inongo arazorik izan. Aurretik aipatutako dena kontraesanda, bigarren idatzi horretan aipatzen dute beraiek bat: momentuz behintzat, igogailua ez egitea. 2024an oposiziotik skate parkea Baztarrikalden egitea ere erabaki genuen, eta lehentasunezko obra izango zela. Hori ere boikota izan zen? Atletismoko pista, ibaia zaintzeko saretxoak jartzea, andremarietan zezena bigarren egunez jarri edo ez, liburutegi kanpoan kutxa jartzea, UEMAn sartzea... Guk gure iritzia ematen dugu, ez dugu arazorik, baina gure ustez, gauza batzuk herriarekin erabaki beharrekoak dira, herriak ere hitza eta erabakitzeko eskumena izan behar dituelako.
Datorren astean 2026ko aurrekontuekin hasiko gara lanean. Urteak daramatzagu salatzen, adosten ditugun partidak ez dituztela gauzatzen. Udal gobernuak du soilik gehiengo batek onartutako erabakiak boikoteatzeko ahalmena, eta EAJ horretan txapeldun da.
Gure partetik, besterik ez. Udalean jarraituko dugu hitz egiten eta erabakiak hartzen.