Azkoitia Bai EAJren kezkei erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2025eko azaroaren 11

Elkargunearen eta liburutegiaren arteko eremua.

Azkoitia Bai herri plataformak jakinarazi du adinekoentzako etxebizitza tutelatuak non eraiki erabakitzeko prozesu bat duela abian udalak. Aizkibel liburutegiaren eta Elkargunearen arteko eremua da aukeretako bat, eta herri plataformak gune horretarako dituen proposamenak azaldu ditu idatzi honen bidez.

Azkoitia Baitik EAJk eginiko inkestari erantzunez:

Herrian bolo-bolo ibili zen inkesta zabal bat bideratu zuen EAJk duela pare bat hilabete; zuk zeuk ere erantzungo zenuen, ezta?

Azkoitia Baik ez du inkesta horren emaitzarik jaso, baina badugu inkestan luzatutako galderen bidez herriari zabaldu nahi geniokeen erantzun edo proiektu bat.

Inkestaren gaietako bat egoitza izan zen, hala nola egoitza kaleratzeaz eta San Jose egoitzarako igogailuaz galdetu zuten. Herria oinezkoentzat egitearen inguruan herritarrek zer ikuspuntu zuten ere galdetu zuten, eta politikariok ere jaso genuen geure nota.

Galdeketan aipatzen zen bezala, egoitza edota adinekoentzako ostatuak jartzeko toki egokia iruditzen zaigu Aizkibel liburutegiaren eta Elkargunearen arteko tartea, baina oraindik parte hartze prozesu bat martxan egonik, ez dakigu momentu ona zen galdera hori horrela egiteko. Ordea, prozesua bukatu aurretik EAJk herri osora zabaldu duenez, guk ere izango dugu gure iritzia emateko baimena.

Urte honen hasieran abiatu genuen adinekoentzat ostatuak non eraiki beharko genituzkeen erabakitzeko prozesu bat; zaintza arloko profesionalak eta gaian interesa duten herritarrak ari dira parte hartzen bertan. Dagoeneko bi toki posibletara murriztu da aukera: Goiko Kalean hutsik dagoen orubea edo Aizkibel liburutegiaren eta Elkargunearen arteko tartea.

Udal gobernuak defendatzen zuen eraikin horren gaineko azken erabakiak politikariona izan behar zuela. Eskerrak ez duen gehiengorik, eta gure alderdia, prozesu parte hartzaileei erabakitzeko eskubidea ematearen alde agertzen den une oro. Bestela, berriro ere azken hitza politikariona izango litzateke. Badirudi, parte hartze prozesurako azken deialdi bat egingo dutela erabaki garrantzitsu hori hartzeko. Azkoitia Baik, orain arte izan duen konpromisoari eutsiz, bilerara joateko eskaria luzatzen diegu herritarrei. Azkoitia Baik prozesu horretan erabakitzen dena onartuko duela aurreratu nahi du. Prozesua bideratzen ari den eta gaiari buruz esperientzia handia duen Matia fundazioak garbi utzi du bi orubeak aproposak direla; hori bai, bakoitzak bere alde onak eta txarrak dituela argi adierazita. 

EAJk inkestan eginiko galdera berari erantzunez –liburutegiaren eta Elkargunearen arteko eremuaz galdetu zuten soilik–, Azkoitia Baik ere liburutegiaren eta Elkargune arteko eremuan zentratu nahi du. Eremu horrek hainbat posibilitate eskaintzen dizkigu: lur azpiko aparkalekuak, jubilatuentzako instalazio berriak, adinekoentzako ostatuak edo apartamentu tutelatuak, gazteentzako alokairu sozialak eta bizikidetza unitateak; edota, bestela esanda, egoitza kaleratzeko urratsak egiten hastea.

Has gaitezen liburutegiaren eta Elkargunearen arteko eremuko etorkizuneko eraikin hori solairuz solairu eta behetik gora aztertzen. Zergatik diogu behetik gora? Bat-batean, Oteizaren frontoietan lur azpiko aparkalekuak ez zituzten sartu proiektuan, eta ez genuke berdina errepikatzerik nahi. Hona hemen solairuz solairuko proposamena:

  • 1. solairua:

Dagoeneko mugikortasun azterketa egina dago, eta ekintza plana ere egina egongo delakoan gaude, nahiz eta bakarrik udal gobernuak izan horren berri. Herri erdigunea oinezkoentzat egitearen aldekoak gara, eta lehen pausoak izan beharko luke ibilgailuak herriko plazatik eta Plazaberritik ateratzea. Erdigunetik ibilgailuak atera nahi baditugu, garbi dugu aparkaleku berri batzuk sortu beharko direla, eta, noski, erdigunetik gertu, gaur egun plazan eta Plazaberrin aparkatzen dutenei ahalik eta kalte gutxien sortzeko. Irtenbide bat izan daiteke Joseba jatetxearen aurreko gunea, eremu horretan bigarren solairu bat eraikiz. Beste aukera liburutegiaren eta Elkargunearen artekoa litzateke, Xabier Munibe kalearen azpian, bide batez eremu hori ere oinezkoentzat eginez.

  • 0 solairua:

Lurpeko aparkaleku horien gainean, urteetan zain egon ondoren, jubilatuentzat instalazio berriak eraikitzeko toki aproposa dagoela iruditzen zaio Azkoitia Bairi. Azterketa egin eta toki gehiago dagoela ikusiz gero, udaleko Gizarte Zerbitzuen bulego teknikoak ere bertan kokatzeko aukera egon beharko luke.

  • 1. eta 2. solairuak:

Lehen eta bigarren solairuan apartamentu tutelatuentzako nahiko toki dago.

  • 3. eta 4. solairuak:

Urte luzez eskatzen ari garen egoitzako zenbait bizikidetza unitate sortzeko aukera paregabea dago.

Hurrengo urteetara begira, Azkoitia Baik jarraipen berezia egingo dio proiektu horri (zaintza prozesuaren erabakia errespetatuz noski). Era berean, herri plataformak azpimarratu nahi du idatzi honetan aipatutako proposamen guztiek Matia fundazioaren oniritzia dutela.

Eraikin hori liburutegiaren eta Elkarguneren arteko eremuan eraikitzea erabakiko balitz, prozesua abiatzeko beste pare bat gai kontutan hartu beharrekoak iruditzen zaizkio Azkoitia Bairi.

Batetik, ez dakigu oraindik apartamentu tutelatuentzako zer nolako eskaera dagoen; bi solairu gehiegi balira, alokairu soziala bultzatzea litzateke irtenbideetako bat, bai eraikin horretan, bai San Jose egoitzan. Bestalde, adinekoen egoitza herrira jaisteko beharra aspalditik ikusten dugun arren, eskumena aldundiarena da, eta beraiena azken hitza. Dena den, askoz ere egokiagoa iruditzen zaigu udalak San Jose egoitzara igotzeko igogailua jartzeko gastatu nahi dituen 745.000 euroak eraikin horretan gastatzea. Mendekotasun baxuena duten egoiliarrek herrigunean bizi behar dute.

Hurrengo parte hartze prozesua gai horretan finkatzeko, eta zaintzaz, mugikortasunaz, etxebizitzaz eta ingurumenaz hausnartzeko unea da. Alderdikeriak alde batera uzten baditugu, prozesua enpresa edota pertsona aditu independente batek bideratuko balu, garbi baitugu adostasun zabal bat lortuko genukeela, herritik herrirako lanean denok dugulako asko irabazteko eta etorkizunera begira Azkoitia hobe bat eraikitzeko ardurak guztiona izan behar lukeelako, denok dugulako asko jokoan.

Talde politikoetako lehen hautagaiei nota bat jartzeko ere eskatu zitzaizuen inkesta horretan, eta esan behar da Azkoitia Bairen indarra taldean dagoela. Adinekoen ostatuez egindako hausnarketa hauek ere horrela egindakoak izan dira: batera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide