Udalak eraiki nahi duen gizarte zentroaren harira, Azkoitia Baik zabaldutako idatziaren aurrean, EAJk uste du ardurak eta erabakiak hartu gabe, ezin dela gobernatu. Hori da plataformaren eredua, pilota beti besteen teilatupean, eta larriagoa dena, partaidetzaren, gardentasunaren eta erabakitzeko eskubidearen izenean, gainerako alderdiek ez baliote herritarren iritziari errespeturik bezala. Eredu asanblarioa defendatzearekin batera, Azkoitia Baik erantzukizun orotatik libratzen da, ez duelako erabakirik hartu nahi, edo ez delako gai posizio bat aldarrikatzeko, herritarren lepo gainean erantzukizun hori jarri gabe. Gero datoz “hala erabaki zuten eta...”. Orduan, zein da ordezkari politiko baten lana ez bada herritarren iritziak, beharrak eta nahiak jaso, soluzioak eta finantzazioa aurkitu, lehentasunak ezarri eta beharrei erantzungo dieten proiektuak exekutatzea ez bada? Azkoitia Baik izan zuen gobernuan sartzeko aukera eta uko egin zion. Hori da erabakirik hartu nahi ezaren adibiderik onena.
Erraza hauxe da: herritarrei entzun, herritarrek hau nahi dute esan, udal gobernuari errua bota, eta zirkulua itxi, eta gaiak gehiago ematen ez duenean, heldulekua duen beste gai popularren bati eutsi eta zarata atera.
Ana Azkoitia alkateak esan ohi du partaidetza etxe barruan hasten dela, eta oso zaila da udal gobernua oposizioko alderdiekin izan den adinako parte hartzailea eta gardena izatea. Hori dakienak badaki, ez esan arren.
Azkoitia Baik esan bezala, Azkoitiko Udalak zaintzaren inguruan partaidetza prozesu zabala ireki du, bai. Azkoitia Baik dioen moduan jokatuko balu EAJk, jarriko ote zukeen horrelako prozesu bat martxan? Eta, parte-hartze prozesua amaitu ez denean, nola da posible oposizioko talde batek zaintza proiektuaren inguruko xehetasun guztiak izatea? Ez al da hori oposizioarekiko gardentasuna?
Matia fundazioaren eskutik garatu da prozesua, eta bereziki, apartamentu tutelatuen kokalekua definitzea du helburu, besteak beste. Hainbat bilera eta gero, bi kokaleku hautatu dira, eta udal gobernuak esan du azken erabakia udalarena dela, Udalak badakielako batak eta besteak ekar ditzakeen arazoak eta zailtasunak zeintzuk diren.
Azkoitia Baik jakin beharko luke parte-hartze prozesuen aberastasuna deliberazioan dagoela, erabakia loteslea izan ala ez. Loteslea izateak erabaki beharrik ez izatea dakar, hain justu, eta politika egitea, herrigintza, erabakiak hartzean datza.
San Jose egoitzako igogailua, BAI
Azkoitia Bai gai da solairuz solairu proiektua irudikatzeko ere, kokalekua zein izan daitekeen soilik jakinda. Aurrera ateratzen bada, eta hori da EAJren asmoa, eta lortuko duen konbentzimendua ere bai, proiektu onuragarria izango da herritarrentzat. EAJren udal gobernuak San Jose egoitzara eraiki nahi zuen igogailua bezain onuragarria. EH Bilduk eta Azkoitia Baik egoitzako igogailua boikotatu zuten, eta udal gobernuak albo batera utzi behar izan zuen. Oraindik berreskura daitekeen proiektua da eta EAJk ahaleginak eta bi egingo ditu igogailu hori paperetik errealitatera pasatu dadin. Zergatik? Argi esan behar dugu. San Jose egoitzaren kokalekua erabiltzaile eta familia askorentzat aproposa da, egoiliarrek bizi duten egoerak ez dietelako gehiengo handi bati, lagunduta ere, kalera ateratzen uzten. Hortaz, egoera fisiko-kognitiboa ez denean ona, San Jose egoitzak eskaintzen dituen instalazio, espazio eta berdeguneak inguru atsegin bihurtzen dute. Familiek dute hara iritsi beharra, eta horretarako, igogailua da soluzioa.
Udalak zaintzaren bueltan egindako lana handia da. Foru aldundiarekin elkarlanean, Eguneko Zentroa herrigunera jaitsi da, Unitate Psikogeriatrikoa guztiz eraberritu da, egoitza zaintza eredu berrira begira jarri da, jubilatuen taberna martxan jarri ahal izateko lizitazioa bideratu du, inoiz baino zerbitzu kalitatezkoagoak daude (Gizarte Zerbitzuak eskaintzen dituenaz gain, Bizi-Poza Eguneko Zentroa, Pasira bezalako ekimenak, Hurkoa herrian bertan, Azkoitia Lagunkoiaren kolaborazioa...)