Sahatsa dantza taldeak, Azkoitiko Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak bi urtean behin sortzen duten ikuskizuna ez da oharkabean igarotzen, eta atzo ere harrera beroa izan zuen hiru taldeek estreinatu zuten Mahastian koblakari ikuskizunak. Baztartxo antzokia ia erabat beteta zela taularatu zuten hiru taldeek obra berria, eta ikusleek denboran atzera egin eta Euskal Herriko tradizioan barneratzeko beta izan zuten musikaren, kantuaren eta dantzaren bidez. Sahatsa dantza taldeak mende erdia bete duen honetan, gainera, are bereziagoa izan zen atzoko emanaldia.
Duela urte batzuk landutako hainbat obra berreskuratu zituen atzoko emanaldian, hiru taldeen hainbat harribitxiz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Horien artean, Txanton Piperri, Oleskari Zarra opera lanaren Euskaldunen Zortzikoa eta Eusko Irudiak. Horiez gain, Amaia operako Ezpata dantza, Orbaizeta, Aingerutxo minunetoa eta Kapinaina eta erregina piezak ere taularatu zituzten. Pieza berriak ere eskaini zituzten, hala nola Basque Rhapsody eta Euskal Herria. Ikuskizunaren izenburuari erreferentzia eginez, mahats bilketaren inguruko jaiarekin borobildu zuten artistek obra.