Carlos Suarez nazioarteko maisua nagusitu da San Andres xake txapelketan

Ane Olaizola

Aurten Gurea pilotalekuan elkartu dira xakelariak sanandresetako txapelketa jokatzeko, eta antolatzaileen arabera, "arrakastatsua" izan da edizioa. Emakumeetan, hirugarren postuan sailkatu da Lucia Valor azkoitiarra. 

Anaitasuna Kakute xake taldearen eskutik, San Andres xake txapelketa jokatu dute gaur goizean Gurea pilotalekuan. 115 xake jokalari baino gehiago bildu ditu txapelketak, eta horien artean, Sestaoko (Bizkaia) Carlos Suarez nazioarteko maisua gailendu da, 8,5 puntu batuta. Txapelketan jokatu dituzten bederatzi txandetatik zortzi irabazi ditu, eta soilik Carlos Sanchez azkoitiarraren aurka berdindu du. 

Suarezek Enrique Tejedor nazioarteko maisuarekin jokatu du azken txanda, eta hari irabazi ostean lortu du sestaoarrak garaipena. Tejedorrek, berriz, Juan David Becerrarekin eta Juan Carlos Fernandezekin berdinduta amaitu du txapelketa. 

Emakumeetan, berriz, Elisabet Ruizek eskuratu du lehen postua, eta haren atzetik sailkatu dira Jana Zemler eta Lucia Valor azkoitiarra. Klubei dagokienez, Grosek lehen postua eskuratu du; Fomentok bigarrena, eta Arlutz Arrasatek, hirugarrena. 

Azkoitiarren artean, berriz, puntuazioz honako hauek nabarmendu direla adierazi du klubak: Carlos Sanchez, Xabi Ruiz, Alex Alzas, Lucia Valor, Izaro Arriola eta Alaitz Hidalgo. 

Biharko hauteskundeen eraginez, aurten Elkargunetik Gureara lekualdatu dute antolatzaileek txapelketa, eta amaitu berri den edizioaren balorazio positiboa egin du elkarteak; are, arrakastatsutzat jo du aurtengo aldia. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide