Eguraldi eskasa zegoen iragarrita atzo gauerako, baina azkoitiarrek garbi zuten erauntsirik handienak ere ez zituela geldituko. Umore onez eta festarako gogoz ondo hornituta, batzuk euritakoekin eta besteak ez, 22:00ak aurretik Gurea pilotalekuan elkartu ziren danborradan ateratzekoak ziren kide guztiak. Tanta batzuk gorabehera, betiko ibilbidea egitea egitea erabaki zuten, eta halaxe atera ziren kalera, herria danbor hotsez zipriztintzera.
Desfilea hasi eta gutxira, lehen geldialdia plazan egin zuten talde guztiek, eta pieza batzuk jota kalean behera jo zuten, Balda plazara arte; han egin zuten bigarren geldialdia. Dnborrada berriz ere plazara itzuli zen gero, eta gauerdiarekin, Azkoitiko bandera igo zuen Ana Azkoitia alkateak, danbor jotzaileek Azkoitia kanta jotzen zuten bitartean. Tatiago, Idiarena, Umore Ona, Diana eta Xoxote abestiak eta duela bi urte estreinatu zuten San Martin martxa ere jo zituzten plazan taldeek, eta hain zuzen, hantxe bukatu zen aurtengo danborrada, 00:30 aldera.
Orotara, hamahiru konpainia irten ziren danborradan: Napoleoiak, Txintxarri, Pilotariak, Ixkitturri, Euskal Presoen Eskubideen Aldeko Taldea, Floreaga ikastetxea nahiz Xabier Munibe ikastola –eskola bakoitza bina talderekin–, Aldapa, Zalduntxoak, Belaño eta Izarraitz. 500 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten danborraren bueltako festan.
Gaur ere festa
Eta atzekoari gaur emango diote segida. Herriko plazan, herriko eta inguruetako baserritarrek beren jeneroa jarriko dute salgai azoka berezian: Azkoitiko Ipintzak, Zumetak, Zabaletak eta Balentziagak, Azpeitiko Etxearretak eta Berastegik, eta Elgoibartik Lizasagarrek. Taloak egiten ikasteko tailerrarekin borobilduko dute baserritarren azoka. Eta ondoan, Kontzejupean, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, ehoziri edo bolillo lanen erakustaldia egiteko elkartuko dira hainbat lagun.
Bizkargi musika eta dantza eskolakoek eta Txalkor txistulari taldekoek, berriz, urteroko kalejirarekin girotuko dute eguerdi artea, Gaztaneneatik abiatuta. Eta Goiko Losan plaza dantzak izango dira, eguerdi partean baita, Arkaitz Allur eta Saioa Lizarralderen Bat Bitan taldearekin.
Hona hemen gaurko egitaraua:
- Goizean zehar. Baserriko produktuen azoka, herriko plazan.
- Goizean zehar. Bolillo edo ehoziri lanen erakustaldia.
- 10:30. Talo tailerra, herriko plazan.
- 11:00. Bizkargi musika eta dantza eskolako dantzariak eta musikariak, Txalkor txistulari taldearekin batera, herriko kaleetan zehar, Gaztaneneatik abiatuta.
- 12:30. Bat Bitanekin (Arkaitz Allur eta Saioa Lizarralde) plaza dantzak, Goiko Losan.
(Argazkiak: Ivan Rodriguez)