Sanandres jaien bigarren asteburuan murgilduko da herria etzi. Agerikoa da herrian festa giroa, eta horretan bere ekarpena egin ohi duten barrakak ere bihar zabalduko dituzte. Tiobiboen arduradunak etenik gabe ari dira muntaketa lanetan; izan ere, bihartik aurrera izango dira horiek erabilgarri.
Ohi bezala, Trenbidearen Zumardia 1 eta 9 zenbakien artean jarri dute barraken eremua. Hilaren 20tik 30era bitartean izango dira horiek han, eta bihar, ostirala, Barraken Egunarekin egingo dute irekiera. Hori hala, tiobiboetarako bidaiak 1,5 euro balioko du bihar. Gainerako egunetan, berriz, 2,5 euroan salduko dute, eta bost bidaiako bonua, 10 eurotan.
Musikarik gabeko orduak
Azken urteetan bezala, aurtengo sanandresetan ere musikarik gabeko orduak izango dira barraketan; 18:00etatik 19:00etara artean ez dute musikarik jarriko, pertsona guztiek "ahalik eta modurik erosoenean" goza dezaten tiobiboez.