Sanandresetako helduen danborrada zuzenean eskainiko du Gukak

Erredakzioa

Danborrada ireki zuen kantineren taldea, iaz, Plazaberrin. (Arnaitz Rubio Aprea)

Azkoitia Gukaren nahiz Gukaren webguneetan eta Guka telebistan jarraitu ahal izango da bihar danborrada, 23:30 ingurtik aurrera. Saioaren aurreneko minutuetan, danborradaren hasierako irudiak eskainiko ditu telebistak, eta gero, zuzeneko irudiak.

Bihar, zapatua, egingo dute Azkoitian sanandresetako helduen danborrada, eta Gukak zuzenean eskainiko du jaia. Gukaren biharko saioa 23:30 inguruan hasiko da. Hasieran, danbor jotzaileek plazan egingo duten aurreneko geldiuneko irudiak eskainiko ditu telebistak, eta gero, konpainiak herriko plazara iristen hastearekin batera, zuzenean eskainiko ditu plazako irudiak. Ekitaldia Azkoitia Gukaren nahiz Gukaren webguneetan eta Guka telebistan ikusi ahal izango da.

22:00etan hasiko da danborrada Baztarrikaldetik, eta danborradako hamahiru taldeak Alde Zaharrean barrena ibiliko dira. Desfilean, Baleo, Gazteak, Hau da hau eta Xoxote abestiak joko dituzte danbor jotzaileek. Aingeru kalea nahiz Kale Nagusia zeharkatuta, herriko plazan egingo dute hamahiru konpainiek aurreneko geldialdia. Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin, aurreneko piezak eskainiko dituzte han: San Martin martxa, Diana, Idiarena eta Tambores-Tatiago.

Plazatk Balda plazara abiatuko dira segidan konpainiak, han egingo baitute eguneko bigarren geldialdia; Umore Ona, Azkoitia eta Debako martxa abestiak eskainiko dituzte han. Julio Urkixo kalean etenaldi txiki bat izango dute gero danbor jotzaileek, eta han San Sebastian martxa joko dute. Dena den, gauerdirako plazara itzuliko dira konpainiak. Zazpi bat abesti joko dituzte udaletxearen aurrean: Azkoitia, San Sebastian martxa, Idiarena, Umore Ona, Xoxote, San Martin martxa eta Tambores-Tatiago. Iaz bezala, aurten ere Azkoitia abestiarekin altxatuko dute herriko bandera udaletxeko balkoian.

Euriaren kasuan, zer?

Eguraldi iragarpenen arabera, bihar bustitik joko du egunak. Dena den, Tata danborrada elkartekoek prest dute alternatiba. Euria egiten badu, Baztarrikaldetik zuzenean Balda plazaraino joango da danborrada, eta han Umore Ona, Azkoitia, Diana eta San Martin martxa abestiak joko dituzte. Balda plazatik herriko plazara itzuliko dira, eta han zortzi abesti eskainiko dituzte: Azkoitia, San Sebastian martxa, Idiarena, Debako martxa, Umore Ona, Xoxote, San Martin martxa eta Tambores-Tatiago. 

Ibilbide motza egitea erabakitzen badute, Gukaren telebista saioa 23:10ean hasiko da, 23:30ean hasi beharrean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide