Ehunka herritarrek egin dute bat gaur, azaroak 11, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioaren aurka egin den greba orokorrarekin. Goizean goiz hasi dira eguneko lehen mobilizazioak herrian. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistakoek, esaterako, Umanroso industrialderako sarbidea itxi dute, eta LAB sindikatukoek pikete informatiboak egin dituzte herriko zenbait gunetan. Herrian, oro har, ia erabateko jarraipena izan du grebak.
Arratsaldean egin dute Azkoitian eguneko mobilizazio nagusia. Mila lagunetik gora elkartu dira 18:00etarako herriko plazan, eta gaurko greba orokorreko aldarri nagusiak kalerik kale zabaldu dituzte manifestazio jendetsuan: etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatu dute. Kalerik kale ibili eta gero, plazan amaitu dute manifestazioa, eta han egin dute irakurketa sindikatuetako ordezkariek. Haiek azaldu dutenez, langile klasea pobretzearen "arrazoi nagusienetako bat" da etxebizitzarena. "Euskal Herrian prezioek gora egin dute, bizitegi erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari da, etxegabetzeak ugaritzen, eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten ari dira. Balantzaren alde batean pilatzen dira pobrezia, eskubide ekonomikoen zein politikoen murrizketak eta ziurgabetasuna, eta beste aldean, espekulatzaile eta errentatzaile gutxi batzuek inoizko irabazirik handienak", nabarmendu dute.
Etxebizitzaren inguruko negozio espekulatiboaren hazkundearen eraginez, gizartean "arrakala sozioekonomikoa zabaltzen" ari dela adierazi dute. "Langileriaren zati batek familia ondaretik geratzen zaienari esker egin diezaioke aurre krisiari, baina beste asko dira aukera hori ez dutenak. Arrakala horretatik sartu nahi dute faxismoak eta diskurtso erreakzionarioek, azken-aurrekoa azkenaren aurka jarriz. Guk ez dugu hori onartuko, ordea. Etxebizitzaren arazoaren errudunak espekulatzaileak, errentatzaileak, higiezin enpresak eta haiek defendatzen dituzten politikariak dira, ez etxebizitzaren arazoa gehien pairatzen dutenak".
Azkoitian, antzera
Grebaren deitzaileek adierazi dute Azkoitian ere "egoera hori bera" bizi dela egunerokoan. "Herrian etxebizitzak hutsik dauden bitartean, etxebizitza bat alokatu edo erosi ezin duten pertsonak eta familiak logeletan bizitzera behartuta daude, benetako alternatibarik gabe", esan dute. Era berean, salatu dute eraikitzen ari diren etxebizitza berriak gehiengoarentzat "eskuraezinak" direla. "Eraikuntza enpresek eta bankuek etekinak ateratzen jarraitzen duten bitartean, 300.000 euroko etxeak saldu nahi dizkigute. Gainera, 250.000 euroko etxebizitza bati merkea deitzeraino iritsi gara". Etxebizitza eskubidea bermatzeko, partxeak jarri ordez, "erroko aldaketak" exijitu dituzte.
Etxebizitzaren krisia "espekulatzaileen eta errentatzaileen negozioak" eragiten dute plazan irakurketa egin dutenen aburuz. "Patronalak etekin bikoitza ateratzen digu langileoi. Batetik, lantegietan, soldaten balio gutxitzearen bidez, eta bestetik, etxebizitzaren eremuan, errentaren eta espekulazioaren bidez. Horregatik, bi eremuetan klase borroka indartzeko momentua da; kapitalaren nahiz patronalaren interesei aurre egin behar zaie". Erakunde publikoak eta alderdi politikoak ere "espekulatzaileen interesen zerbitzura" daudela gaineratu dute. "Erantzukizun politiko eta instituzional guztiak seinalatu behar ditugu. Alde batetik, eskuineko alderdiak ditugu, hala nola PP, UPN eta EAJ, espekulazioa bultzatzen duten politikak ezkutatu gabe sustatzen dituztenak eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren mesederako politikak aplikatzen dituztenak. Bestetik, PSOEren gobernua dugu, egoera errotik aldatzeko ezer egin ez duena, errentadunen eta enpresaburuen interesak ordezkatzen dituen heinean. PSOEren gobernuari babesa eman dioten alderdi guztiak ere erantzule dira, eta agerikoa da handikeriaz aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez dituela agindutako aldaketak ekarri. Eraginkortasun urriko konponbide partzial batzuetatik harago, hartzen ari diren neurriek errentaren interesak eta finantzaketa blindatzea dute helburu".
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek ere "higiezinen negozioa indartzen duten politikak" babesten dituztela salatu du, bestelako eskumenak izanagatik ere. "Higiezinen enpresen eta errentadunen interesekin lerrokatuta, espekulatzaileen eskuetan amaitzen duten diru laguntzak eta abalak sustatu dituzte, eraikuntza ziklo berri bati bide ematen dioten legeak onartu dituzte, eta errentatzaileentzako onura fiskaletan oinarritutako politikak aplikatzen ari dira". Udalak ere jo-puntuan izan dituzte sindikatuek, eta adierazi dute alderdi guztietako udalek "etengabe baimentzen" edo "zuzenean gauzatzen" dituztela etxegabetzeak, bestelako alternatibarik eskaini gabe. "Herrian argi ikusten dugu EAJren udal gobernuaren politikek noren interesei erantzuten dieten. Etxebizitza eskubidea bermatu beharrean, espekulatzaileen eta eraikuntza enpresen interesak lehenesten dituzte. Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko aitzakian, negozio aukera berriak sustatzen dituzte, langileon beharrak bigarren mailan utzita", salatu dute.
Neurri eske
Etxebizitzaren krisialdia arinduko duen neurriak hartzea posible dela adierazi dute sindikatuek. Besteak beste, alokairuen prezioak jaistea edo etxegabetzeak etetea galdegin dute. "Gure egitekoa ez da ogi apurrak lortzeko borrokatzea soilik, baizik eta etxebizitzaren arazoari erabateko konponbide bat emateko aukerak irekitzea. Etxebizitzaren arazoa konpontzea posible da; posible da etxebizitza pertsona guztientzako eskubide bermatua izatea, osasuna edo hezkuntza diren bezala".
Espekulazioarekin eta errentarekin amaitzeko, hiru norabide nagusitan egin behar da "aurrera" sindikatuen esanetan. "Batetik, espekulatzaileei ondasunak desjabetu behar dizkiegu, milaka etxebizitza gutxi batzuen esku daude eta; berreskuratu eta guztion behar kolektiboen zerbitzura jarri behar ditugu. Bestetik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentatzailea debekatu behar ditugu, inor ez dadin bizi langileen soldataren kontura aberastuz. Eta, azkenik, etxebizitza eta baliabide guztiak langile klasearen beharren arabera antolatu behar ditugu. Merkatu libreak arazoak betikotu egiten ditu eskaintzaren eta eskariaren logikarekin, eta milaka euro kostatzen zaizkigu guztioi. Baliabideen antolaketa arrazionala behar da, irabazi pribatuaren mende egongo ez dena".
Antolatzeko deia
Sindikatuek antolatzera deitu dituzte herritarrak, "bidegabekeriei" aurre egiteko nahiz "hobekuntzak" lortzeko. "Euskal Herrian badaude aurrerapausoak emateko baldintzak. Azken urteotan ikusi dugu borroka beharrezkoa dela, eta merezi duela. Ez dira zortzi hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin genuela, eta gaur, berriz, erroko eraldaketak bultzatzeko unea dela defendatu dugu, baita Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela aldarrikatu ere".
Erakundeek eta horiek kudeatzen dituztenek etxebizitzarena bezalako kontuak"arazoak indibidualak" balira bezala aurkeztu ohi dituztela esan dute sindikatuek, eta horren aurrean, "kolektiboki antolatzea" ezinbestekoa da haien ustez. "Antolatzeko deia egin nahi dugu, eta etxebizitzaren arazoa pairatzen duen orori argi esan nahi diogu: ez sentitu lotsarik edo errurik; antolatzea eta borrokatzea dira tresnarik onenak. Langile klase antolatua eta indartsua behar dugu. Bai eskuineko balizko gobernu batek ekar dezakeen eskubideen atzerakadari aurre egiteko, bai ezkerreko gobernuak eman nahi izan ez dituen aurrerapausoak lortzeko. Antolakuntzaren eta borrokaren bidez soilik lor daitezke gauza handiak".
Horren aurrean, euskal langile klasearen batasuna aldarrikatu dute, "interes komunen alde" eta "espekulatzaileen aurka" egingo duena. Gainera, "arazoaren alderik gordinena" pairatzen duten herritarren egoera aintzat hartzea eskatu dute, hala nola indarkeria matxista jasaten duten emakumeena, sexu-genero disidenteena, babesik ez duten eta emantzipatu ezin diren gazte langileena edota higiezinen agentzien zein etxejabeen "irizpide arrazista eta klasista" pairatzen duten pertsona arrazializatuena eta migratuena.