Azaroaren 11ko greba orokorra

Azkoitia ia erabat gelditu du grebak

Aitziber Arzallus

Herriguneko saltoki ia denek ez dute goizean pertsianarik jaso ere egin, hiruzpalau negoziok kenduta, eta herrigunetik kanpoko saltoki handietako ateak ere ez dituzte zabaldu. Industrialdeetan, berriz, ohi baino askoz mugimendu txikiagoa zegoen. Enpresa handi gehienak geldirik zeuden eta lantegi txikiak ere bai, nahiz eta batzuk ateak itxita barruan lanean aritu diren. Arratsaldean, 18:00etan plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute, eta grebaren sustatzaileek parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrak ia guztiz gelditu du herria. Herrigunean, pertsianarik jaso ere ez dute egin saltoki txiki gehien-gehienek, nahiz eta bizpahiru izan diren salbuespena; eta herrigunetik kanpoko saltoki handien ateak ere ez dituzte zabaldu ere egin. Industrialdeetan, berriz, oso mugimendu txikia nabari zitekeen: aparkalekuak hutsik, kamioien joan-etorririk ez eta isiltasuna nagusi. Lanean jardun direnak ere, gehienak ezkutuan edo behintzat zaratarik atera gabe aritu dira, ateak itxita eta barruan lanean; kanpoaldean aparkatuta zeuden autoengatik igarri zitekeen barruan lanean ari zirela. Horiek horrela, grebak izan duen eraginarekin pozik azaldu dira haren sustatzaileak. Dena dela, arratsaldeko manifestazioa falta da oraindik, eta egunaren balorazio orokorra haren tamainak baldintzatuko du.

Grebaren antolaketan elkarrekin aritu dira sindikatuak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista, eta arratsaldeko mobilizazioa ere batera egingo dute, baina goizeko pikete informatiboak bakoitzak bere aldetik egin ditu Azkoitian. 08:00etan plazan elkartu dira LABen deiari erantzun diotenak, ordu berean baina liburutegi parean Etxebizitza Sindikatuak jarritako hitzordura azaldu direnak. Kalez kale ibili dira denak ere, baina bakoitza bere aldetik. 

LABen ordezkariak Gukari esan dionaren arabera, saltoki txikiak ia denak eta handiak itxita topatu dituzte, eta kalean kartelak jartzen, banketxeak etxebizitzaren arazoaren erantzule gisa seinalatzen eta makina eta zerbitzugune automatikoak prezintatzen aritu dira. Zabalik zeuden saltokietan lanean ari zirenei grebari buruzko informazioa helarazi diete, eta haietakoren bat ixtea ere lortu dute. Industrialdeetan, enpresa handiei dagokienean, Xubi eta Ibarmia lanean ari zirela adierazi du sindikatu abertzalearen ordezkariak, eta gainontzekoak itxita zeudela. Lantegi txikiei dagokienean, berriz, gehienak itxita topatu dituzten arren, ateak itxita barruan lanean ari zirenik ere bazela esan du. 

Etxebizitza Sindikatuaren pikete informatiboetako kideak etxe agentziak, sustatzaileak, eraikuntza enpresak eta banketxeak seinalatzen aritu dira etxebizitzaren arazoaren erantzule zuzenak direla iritzita, eta kartelak ere itsatsi dituzte mobilizatzera dei eginez. Goizean goiz, berriz, 06:00 aldera, Umansoro industrialdera sartzeko zubia itxi dute hainbat lagunek, hango Xubi eta Ibarmia enpresek langileei antolakuntzarako eta grebarako eskubideak ez dizkietelako bermatzen salatzeko. Lagun bat identifikatu han Ertzaintzak.

Arratsaldean, 18:00etan plazatik abiatuta, etxebizitza eskubidea bermatzea eta espekulazioarekin zein etxebizitzaren negozioarekin amaitzea aldarrikatuko dituzte elkarrekin egingo duten manifestazioan. Mobilizazioan parte hartzera dei egin diete herritarrei.

(Argazkia: Etxebizitza Sindikatu Sozialista, LAB sindikatua eta Aitziber Arzallus)

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide