Eguna argitu aurretik, 06:00 aldera, Umansoro industrialdera sartzeko zubia itxi dute hainbat lagunek, hango enpresek langileei antolakuntzarako eta grebarako eskubideak ez dizkietelako bermatzen salatzeko. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta egin dute protesta, eta Xubi eta Ibarmia enpresak seinalatu dituzte: "Enpresa horietan, beste askotan bezala, barne dinamikek ez dute beti langileen antolakuntzarako eta grebarako eskubidea bermatzen, eta greba egiteak langileek beren burua arriskuan jartzea ekartzen du". Nabarmendu dute grebarako eskubidea bermatuta izatea eskubide hori aitortze hutsetik harago doala, eta langileek greba beldurrik gabe egiteko aukera izan behar dutela. Ertzaintza bertaratu da industrialderako sarrera oztopatzen ari ziren bitartean, eta lagun bat identifikatu du.
Gaurko greba orokorra etxebizitza eskubidearen aldekoa izanagatik, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kideek beharrezko ikusi dute langileen borrokarako eta antolakuntzarako eskubidea defendatzeko ere mobilizatzea, bata ez dagoelako bestea bermatuta izan gabe egiterik. "Greba orokorra langile klasearen oinarrizko borroka tresna da, gure eskubideak defendatzeko eta gutxi batzuek etekin handiak pilatzen dituzten bitartean gehiengoaren bizi baldintzak okertzen dituen eredu ekonomikoari aurre egiteko. Etxebizitzaren krisia da errealitate horren adibiderik argienetako bata: soldatak etxebizitza duin bat eskuratzeko gero eta eskasagoak diren bitartean, espekulatzaileek eta errentistek aberasten jarraitzen dute oinarrizko behar baten kontura".
Greba orokorrera bat egitearen eta mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute, eta gaurko grebaren helburuak gogorarazi dituzte: "Espekulazioa debekatzea, espekulatzaileak espropiatzea eta etxebizitza langile klasearen beharren arabera planifikatzea beharrezkoa ikusten dugu, etxebizitzak gutxi batzuen poltsikoak betetzeko merkatu gai izaten jarrai ez dezan eta gehiengoaren mesedetara egon dadin".
