Sanandresetako egitaraua prest du udalak, eta gaur hasi da etxez etxe banatzen

Andoni Elduaien

Azkoitiko plaza, iazko sanandresetan. (Andoni Elduaien)

Datozen hiru asteburuetan izango dira Azkoitian San Andres jaiei lotuta udalak antolatu dituen ekintzak ekintzak. Azaroaren 30eko San Andres egunarekin borobilduko dute herritarrek hila. Udala gaur hasi da etxez etxe egitaraua banatzen. 

Hiru astelehen barru, hil honen azkenean, ospatuko dute azkoitiarrek San Andres eguna. Nolanahi ere, San Andres jaiak hilabete osora zabaltzen dira herrian, eta hori hala, festarako ekintza ugari izan ohi da hilabete guztian zehar. Udalak prestatu du aurtengo sanandresetarako egitaraua, eta gaur, astelehena, hasi da etxez etxe banatzen. 

Datozen hiru asteburuetan jarraian izango dira sanandresei lotutako ekintzak Azkoitian. Datorren zapatuan, hilak 14, musika izango da nagusi herrian. Goizean, Azkoitiko Musika Bandak kalejira egingo du herrian zehar 11:30an hasita, musikaren eta musikarien zaindaria den Santa Zezilia egunaren harira. Gauean, berriz, Skaregekasko eta Skabidean taldeen kontzertua izango da, herriko plazan (22:30). Dena den, kirol hitzordu bat ere izango da zapatuan Azkoitian; Zubiaurre igeriketa elkarteak antolatuta, haurren San Andres Igeriketa Saria jokatuko dute eta Elkarguneko igerilekuan (16:00).

Hilaren 21ean, larunbatez, eta hilaren 22an, igandez, egingo dituzte sanandresetako bigarren asteburuko ekintzak. Zapatuan, batetik, Raka Maraton kirol elkarteak antolatutako 21. Herri Lasterketa jokatuko dute herriko kaleetan zehar (16:00), eta bestetik, helduen danborrada izango da gauean (22:00), Baztarrikaldetik abiatuta. Igandean, berriz, herriko plazan askotariko ekintzak izango dira. Goizean zehar, herriko eta inguruko baserrietan ekoitzitako produktuen azoka egingo dute, herriko plazan. Kontzejupean, berriz, bolillo edo ehoziri lanak egiten ariko dira hainbat lagun. Dena den, bestelako tailerrak edo saioak ere izango dira plazan, taloak egiten ikasten tailerra ere eskainiko dute eta (10:30). Musikarako eta dantzarako tartea ere izango da egun horretan herrian. Batetik, Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkor txistulari taldeak sanandresetako kalejira eskainiko dute (11:00), eta bestetik, plaza dantzak izango dira Goiko Losan, Arkaitz Allurrek eta Saioa Lizarraldek osatutako Bat-Bitan taldearen eskutik (12:30).

San Andres egunaren atariko asteburuan ere ekintza ugari izango da. Hilaren 28an, larunbatez, Anaitasuna Kakute xake taldearen San Andres Xake Txapelketa izango da goizean Gurea pilotalekuan (10:00), eta arratsaldean, Sahatsa dantza taldeak, Azkoitiko Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak bi urtez behin sanandresetan aurkeztu ohi duten ikuskizuna emango dute (18:30). Aurten, Mahastian koblakari izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute. San Andres egunaren bezperan, bestalde, txaranga eta elektrotxaranga doinuak entzun ahal izango dira herriko kaleetan. Eguerdian, Kittu txaranga ibiliko da kaleak girotzen (12:30), eta arratsaldean, Burrunba elektrotxaranga (18:30).

San Andres egunak itxiko du aurtengo azaroa, eta azkoitiarrek, beste urte batez, ohiko eran gozatzeko aukera izango dute hileko azken eguna. Goizetik iluntzera arte herriko ikastetxeek eta eragileek jan-edanerako postuak jarriko dituzte plazako arkupeetan. Horrez gain, honako beste ekintza hauek guztiak izango dira San Andres eguna ospatzeko: Txuri Urdin elkarteak antolatutako haurrentzako marrazki lehiaketa (09:00), herriko dultzaineroen zein trikitilarien kalejirak (09:30), herriko trikitilari gazteen kalejira (11:00), Txalkor txistulari taldearen kalejira (11:30), herri kirol jaialdia (12:30), marrazki lehiaketako sari banaketa (14:00) eta Oteiza pilota elkarteak antolatutako Kontzejupeko pilota txapelketaren finalak (16:00).

Abenduko lehen hiru egunetan, azkenik, Azkoitiko Probazale Elkarteak antolatutako San Andres Idi Dema Saria jokatuko dute. Abenduaren 1ean, 2an eta 3an izango dira demak herriko frontoiko probalekuan, 22:00etan hasita.

Ikusi hemen puntuz puntu San Andres jaiei lotuta azaroan izango diren ekintzen egitaraua.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide