Erreportajeak

Ametsa, bigarrenean ere amets

Andoni Elduaien-Aitziber Arzallus-Maialen Etxaniz

Anaitasuna futbol taldeak Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketa jokatuko du bihar, Txerloian. Lehen Mailan diharduen Alaves izango du aurkari Azkoitiko taldeak. 1.400 bat zale elkartuko dira herriko futbol zelaian.

Ailegatzear da Anaitasuna futbol taldeak horrenbeste desiotako eguna: urriaren 28a. Biharkoa ez da edonolako eguna izango Txerloian: gorritxoek Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketa jokatuko dute Alavesen aurka, 19:00etan hasita. Askok izango dute asteazkena egutegian gorriz biribilduta, Azkoitiko taldearen harrotasunak eta ametsak bat egingo duten historiarako eguna izango da eta.

Maila txikiagoko talde batek goragoko talde baten aurka aritu beharreko egunak ez dira askotan izaten, eta halakoetan, batzuek mirari edo patu kontuak atera ohi dituzte mahai gainera. Anaitasunak, ordea, berak irabazi du berriz ere ametsa amets bilakatzea. Izan ere, Azkoitiko futbol taldeak sei urteko tartean bigarren aldiz jokatuko du Espainiako Errege Kopa. 2020ko abenduaren 17an, gorritxoak Getaferen aurka aritu ziren Txerloian. Partida hura galdu egin zuen Anaitasunak (1-2), eta nor edo nor jarriko zen luzera begira, taldeak berriro halako egun bat bizitzeko aukerarik izango ote zuen edo ez pentsatuz. Bada, sei urtera, kopa txapelketan da berriro Anaitasuna.

Alavesen aurkakoa hitzordu berezia da Anaitasunarentzat, eta hori hala, taldeak ez du aurkariari ezer oparitzeko asmorik. Erronkari gogotsu helduko diote gorritxoek, eta babazorroei kanporaketa zailtzen ahaleginduko dira. Loren Barbado entrenatzaileak "prest" ikusten du taldea horretarako. "Ligako azken jardunaldietan hazten ari garenaren sentsazioa dut, eta konfiantzarekin helduko diogu neurketari". Haren esanetan, taldea kopako norgehiagoka "naturaltasun osoz" hartu nahian ari da. "Prestaketa aldetik, normalean egiten ditugun antzerako gauzak ari gara egiten. Egia da, ordea, astea ezberdina dela. Partida aste barruan izanik, bi egun bakarrik izan ditugu hura prestatzeko. Nolanahi ere, guk izan nahi dugun horretan eta aurkariak eduki ditzakeen dohain horietan guztietan zentratu gara", dio Barbadok.

Errioxako Navarreteko (Espainia) Tedeon taldeari atariko kanporaketan 10-2 irabazita iritsi da Anaitasuna Espainiako Errege Kopara, baina gorritxoen entrenatzaileak argi du Alavesen aurkakoa "oso bestelakoa" izango dela. "Atariko partida hura gure mailako talde baten aurka jokatu genuen, baina Alaves Lehen Mailako taldea da, eta alde handia dago haien ligatik gurera". Barbadok dio babazorroek "jokalari onak" dituztela, eta gainera, "jokatzeko duten moduak lagundu" egiten diela beren jokalari onenei "duten onena ematen". Urriaren 5ean egin zuten kopako lehen kanporaketako partidak zehazteko zozketa, eta Anaitasunaren aurkaria Alaves izango zela jakin ondotik, askok egin diote jarraipena Gasteizko taldeari. Gehienak jakitun dira Alaves bolada txarrean murgilduta dagoela ligan, baina Barbadok dio "egoera horrek eraginik ez" duela izango haiengan. "Ulertu behar dugu beraientzat kopa txapelketa garrantzitsua dela".

Jokalariak ere gogotsu daude, nola ez. Biharko eguna noiz argituko zain dago, esaterako, Jokin Errazu. Erdiko atzelariak nabarmendu du "taldearen dinamika hobetzen" ari dela astez aste. Biharkoa "ospatzeko eguna" izan dadin nahi du; izan ere, "ilusioa" piztu du Alavesen aurkako lehiak Azkoitian. "Herrian nabaritzen da giroa. Lanera joandakoan edota kalera ateratakoan, jendea animoak ematera hurbiltzen da. Guretzat ez ezik, herri osoarentzat eta zelaira etorriko diren guztientzat izango da ederra biharkoa". Errazuk dio herriari "poza ematen" saiatuko direla. "Taldea prest ikusten dut Alavesi aurre egiteko. Lehiatzen saiatuko gara, dugun guztia ematen".

Erronka itzela

Jokalariek zelaian izango duten erronka ez da nolanahikoa izango, baina biharko hitzordua prestatzeko klubak egin behar izan duena ere ez da txikia izan. Ibon Osinalde presidenteak dioenez, maila horretako partida bat antolatzeko "zailtasun handiak" izan dituzte, baina gustura dira emaitzarekin. "Nahiko lanpetuta ibili gara, baina pozik gaude, zehaztu genituen helburu guztiak betetzen ari gara eta. Lehen helburua zen partida Txerloian jokatzea, eta hori lortu dugu. Bigarren erronka zen zelaiaren edukiera handitzea eta partida ikusteko aukera Anaitasunaren komunitate osoari eskaintzea, eta hori ere bete dugu", nabarmendu du klubaren presidenteak.

Guztia prest dutela, Osinalde ere "ilusioz beteta" azaldu da partidaren atarian. "Antolakuntza aldetik dena bideratuta dugu. Boluntario pila batek eman du izena; talde oso ona elkartu da laguntzeko eta lan egiteko". Presidenteak aitortu du "urduritasun handiko uneak" igaro behar izan dituztela, baina orain "lasaiago" daude. "Behar bezala antolatzea eta lan egitea dagokigu orain. Horretan badakigu, eta alde horretatik lasai eta ilusio puntuarekin nago. Ea dena ondo irteten den, zelaian giro ona izaten den eta partida on bat ikusten dugun".

Aurretik, omenaldia

Historiako orri berria idatzi aurretik, Anaitasunak orri zahar bat zabalduko du, duela sei urte Getaferen aurka jokatu zuen taldeak omenaldia jasoko du-eta partidaren atarian. COVID-19aren eraginez ezarritako mugak tarteko, Anaitasunaren eta Getaferen arteko partidan ez zen jarraitzailerik izan Txerloiko harmailetan, baina bihar orduan jaso ez zituzten txaloak jasoko dituzte talde hartako kide izan ziren guztiek. Ordezkariak banan-banan aterako dira zelaira, klubak oroigarri bana emango die, eta amaieran, Markel Eskurtza orduko kapitainak ohorezko sakea egingo du. 

Madrilgoen aurkako partidan, Mikel Pastrian zelaian izan zen. Egun, Barbadoren entrenatzaile taldeko bigarren teknikaria da hura, eta "penatuta" oroitzen du eguna, lehia zalerik gabe jokatu zutelako. Era berean, eskertuta azaldu da Pastrian omenaldiagatik. "Detaile oso polita izan du klubak, eta eskerrak eman behar dizkiogu gurekin akordatzearren. Gustura aterako gara zelaira, orduan jaso ezin izan genuen aitortza jasotzera". Barbadorekin batera, aulkitik jarraituko du partida azkoitiarrak, eta aholku bat eman nahi izan die jokalariei: "Nik ikaragarri gozatu nuen Getaferen aurka, eta esan diezaiekedan bakarra horixe da: gozatzera zelairatzeko. Munduko ilusio handienarekin dago aurre egin beharra Lehen Mailako talde bati", nabarmendu du.

Azken sarrerak

Espainiako Futbol Federazioak ezarritako arauak tarteko, zaleek ezingo dute norgehiagoka zutik ikusi. Hori hala, Anaitasunak aparteko harmailak jarri ditu zelaian, eta 1.400 lagunentzako lekua egin du Txerloian. Azken egunotan gorritxoen eta babazorroen arteko lehiarako sarrerak saltzen aritu da kluba. Gehienak saldu badituzte ere, arduradunek jakinarazi dute oraindik gelditzen direla 150 bat sarrera eskuragai. Anaitasunak Plazaberrin duen Arretalekua zabalik izango da gaur, 18:00etatik 20:00etara. Partidarako sarrerak eskuratu nahi dituztenek 30 eurotan erosi ahal izango dituzte. Bestalde, dagoeneko sarrerak erosi baina oraindik horiek jaso ez dituzten bazkideek ere Arretalekuan jaso beharko dituzte txartelak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide