Azkoitiko udalbatzarrak

Udala arduratuko da aurrerantzean Txerloiko futbol zelaiaren mantentze lanetaz

Iraia Oteiza - Oier Arregi

Txerloiko futbol zelaiaren mantenua eta udaleko lanpostuen zerrenda izan dira iraileko udalbatzarrean eztabaidarako gai nagusiak. Eguneko gai zerrendako proposamen guztiak onartu ditu udalbatzak, nahiz eta kredituen aldaketetan Azkoitia Bai abstenitu egin den.

Udalak iraileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian. Gai zerrendako gairik mardulenak kreditu aldaketei eta udaleko lanpostuen zerrendari loturikoak izan ziren. Kreditu aldaketen atalean, Txerloiko futbol zelaiaren mantentze lanen inguruko aldaketak izan zituzten hizpide. Bi proposamenak onartu zituzten: kreditu aldaketak Azkoitia Bairen abstentzioarekin, eta lanpostuen zerrendaren aldaketa aho batez. 

Eztabaidarako gai nagusietako bat kreditu aldaketei loturikoa izan zen. 68.000 euroko gerakina erabiliz bi partida handitzea proposatu zuen udal gobernuak. Alde batetik, 50.000 euro bideratuko dituzte Txerloiko futbol zelaiaren mantentze lanetara; bestetik, 18.000 euro jarriko dituzte udal brigadarako belarra mozteko makina berria erosteko.

Ana Azkoitia alkateak azaldu zuenez, Txerloiko eta San Juan futbol zelaietako mantentze lanak Anaitasuna futbol klubak kudeatu izan ditu orain arte, nahiz eta belarra mozteko erabilitako makinak udalarenak izan. Bi makinak, ordea, matxuratu egin dira, eta, ondorioz, bat konpondu eta bestea erostea erabaki du udal gobernuak.

Txerloiko futbol zelaiaren mantentze lanei dagokienez, Anaitasunak udalari eskatu dio aurrerantzean udalak bere gain har ditzala lan horiek. Alkatearen arabera, klubaren barne egituran eta antolakuntzan izandako aldaketek eragina izan dute mantentze lanen kudeaketan.

Txerloikoa belar naturaleko zelaia da, eta urte osoko ohiko mantentze lanez gain, denboraldi amaieran lan berezi batzuk ere egin behar izaten dira. Horretarako, 50.000 euroko partida bat jarriko du udalak, eta partida horren barruan sartuko dira bai urte osoko mantentze lanak, bai beharrezko lanketa bereziak.

Alkateak iragarri zuenez, zenbatekoa kontuan hartuta, lan horiek lizitaziora aterako dituzte, nahiz eta, gaur-gaurkoz, baldintza agiriak oraindik prestatu gabe dituzten. Era berean, udalak aztertu beharko du aurrerantzean belar naturalarekin jarraitu edo zelaia belar artifizialez hornitu.

Kreditu aldaketaren aldeko botoa eman zuten EH Bilduk eta PSE-EEk. Janire Igoa PSE-EEko bozeramaileak adierazi zuen futbol zelaia behar bezala mantentzea eta belarra mozteko beharrezko ekipamendua izatea "ezinbestekoa" dela instalazioen erabilera eta kirol jarduera baldintza egokietan mantentzeko.

Azkoitia Bai, bere aldetik, abstenitu egin zen. Jose Joakin Etxaniz bozeramaileak udal gobernuaren jarduna kritikatu zuen, eta azaldu zuen Anaitasunak duela bi urte baino gehiago jakinarazi ziela futbol zelaiko belarraren zaintzan arazoak aurreikusten zituela. Etxanizen arabera, udaleko gainerako alderdiei ez zaie gaiaren inguruko informaziorik eman orain arte.

Hala ere, Azkoitia Baik Anaitasunaren helburuekin bat egiten duela eta 50.000 euroko partidarekin ados dagoela adierazi zuen. Horregatik, Etxanizek azaldu zuenez, udal gobernuari egindako kritikagatik erabaki zuten abstenitzea: "Elkarlan eta elkarrizketa handiagoa espero genuen, batez ere duela bi urte baino gehiagotik arazo honen berri bazenutenean".

Administrari lanpostu berria

Udaleko lanpostuen zerrendaren aldaketari dagokionez, Ana Azkoitia alkateak azaldu zuen administrari lanpostuen deialdi baten auzia epaitegira iritsi zela, prozesuaren emaitzaren aurka errekurtsoa aurkeztu zelako. Alkatearen arabera, epaitegiak emandako epaiak prozesua berrikusi beharra ezarri zuen, eta prozesuaren emaitzari irtenbidea eman behar zitzaiola ebatzi zuen.

Prozesua amaituta eta administrariak dagoeneko izendatuta zeudenez, udala errekurtsoa aurkeztu zuen pertsonarekin bildu zen, eta, puntuazioa eta epaia aztertuta, irtenbide bat adostu zuten. Hala, Biztanleriaren Harrera Zerbitzuan administrazio lanpostu berri bat sortzea erabaki dute. Alkateak azaldu zuenez, zerbitzu horretan beste hiru lanpostu daude, eta laugarren lanpostua baldintza berberetan sortuko dute. 

Udal ordezkariek aho batez onartu zuten proposamena, nahiz eta Azkoitia Baik uste duen kontua "lehenago bideratu zitekeela" eta langile horri "behar baino gehiago sufritzea" tokatu zaiola. 

Bake-epaileak, izendatuta

Ana Azkoitia alkateak azaldu zuenez, lau urtean behin udalek bake-epaile titularra eta ordezkoa berritzeko prozesua abiarazi behar izaten dute, kargua berritu behar denean.

Hori horrela, Azkoitiko udal gobernuak Maite Sanjuan Urzelai bake-epaile titular izendatzea proposatu zuen, eta Jaione Lizarazu Aranbarri ordezko. Udalbatzak aho batez onartu zuen proposamena. Izendapenen berri emango diote orain dagokion justizia organoari.

Turismo zerga, aurrera

Joan den uztailaren 29an, udalbatzak egonaldi turistikoen gaineko zerga aplikatzea onartu zuen. Ordutik alegazioak aurkezteko epea zabalik egon da, baina ez da alegaziorik aurkeztu, alkateak azaldu duenez. Ondorioz, behin betiko onartu dute Azkoitiko egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Hori hala, urtarrilaren 1etik aurrera, 0,75 euro ordaindu beharko dituzte egonaldi bakoitzeko Azkoitiko ostatuetan, hoteletan edo aterpetxeetan ostatu hartzen dutenek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide