Enri Egino artista azkoitiarra hil da gaur, 73 urte zituela. Artearen ertz ugari landu zituen gaztetatik, eta bost hamarkada diseinuaren arloan igaro ostean, azken urteetan margoaren unibertsoan barreiatu zuen sormena.
32 urterekin, Eginok Estudio D3 ireki zuen Azpeitian beste bi lagunekin batera, eta han garatu zuen bere ibilbidearen zati handia. Hain zuzen, diseinatzaile lanetan aritu zen 50 urteetan askotariko lanak gauzatu ahal izan zituen artistak. Azkoitia Gukak 2022an elkarrizketatu zuen artista, eta solasaldi hartan esan zuen honako hau: "Nik denetik sortzen dut: eraikinen barruko eta kanpoko diseinuak egin izan ditut, alfonbrak, koadroak, altzari klasikoak, modernoak, haurrentzako altzariak, logelako altzariak, altzari azoketarako standak... Garai batean, altzarigintzako azoka handi bat egiten zen Valentzian [Herrialde Katalanak], eta urtero hilabete inguru pasatzen nuen han, Urkide taldearentzat diseinatutako standak muntatzen. Lan eta diru asko zegoen orduan, eta gutxi gorabehera nahi nuena egiten uzten zidaten, eta egiten nituen halako zorakeria batzuk; urte haietan lan egitea jolasean ibiltzea bezala zen niretzako". Hastapen haietan, hainbat diseinu garaikide egin zituen hark; Azkoitiko Dean taberna, kasu.
Margotu eta marraztu ere "txiki-txikitatik" egin zuela oroitu zuen elkarrizketa hartan, baina jubilatu ostean heldu zion pintzelari, eta zaletasun horretan ibili da gaurdaino. Iaz, jaioterrian bertan, Etxebeltzen, zabaldu zuen bere margolanen erakusketa, eta azkenengoetakoa izan zen Zumaiakoa, joan zen martxoan. Pintore bainoago "margolari" zela esan zuen orduan, eta umil mintzo zen bere lanaz, handinahirik gabe. "Gustatzen zaidalako egiten dut", esan zuen. "Zerbait saltzen badut, primeran, bestela, nire ilobek-eta esan izan didate, 'osaba, zu hiltzen zarenean koadro hau niretzat'", kontatu zuen barrez.