Enri Eginok margolanen erakusketa zabaldu du Zumaiako Oxford aretoan

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 20a

Apirilaren 6ra arte ikusi ahal izango dira Enri Eginoren lanak Oxford aretoan. Denetarik aurki daiteke artista azkoitiarrak Zumaiara ekarri duen margolanetan: ostraz osatutako koadro batetik hasi eta Rosalia musikariaren triptiko bateraino.

Enrique Egino artista eta diseinatzaile azkoitiarrak erakusketa zabaldu zuen atzo eguerdian, osteguna, Zumaiako Oxford aretoan. Apirilaren 6ra bitartean ikusgai izango dira Azkoitiko artistak Zumaiara ekarri dituen lanak.

Egino iaz estreinatu zen erakusketen munduan, Azkoitiko Etxebeltzen, eta orduan erakutsitako margolanak jarri ditu orain Zumaian ikusgai, erakusketa aretoen bidaian egin duen bigarren geltokira, baina baita lan berriak ere. Hogei koadro ingururekin apaindu ditu Oxfordeko paretak, tamaina handikoak dira gehienak, eta kolore biziak nahiz zuri-beltzak aurki daitezke bilduman.

Artistak azaldu duenez, argazkian harrapatutako irudietatik abiatuta margotzen du, eta maiteago ditu objektuak eta erretratuak, paisaiak eta lan abstraktuak baino. Gainontzean, denetarik aurki daiteke Eginok begi-kolpe batez ehizatu eta mihisera eramaten dituen eszenetan: antxoak, ostrak, Azkoitiko parrokiako aingeruetako baten aurpegia, toreatzaileen trajeak, ala "izugarri" gustatzen zaion Rosalia musikariaren triptiko bat, gorri kolore bizikoa.

Umetatik gustatzen zaio margotzea, eta ofizioz, besteak beste, artista eta diseinatzaile lanetan aritu den arren, jubilatu ostean heldu zion pintzelari, eta amu hori ezin askatuta dabil gaurdaino, 73 urterekin. Pintore bainoago "margolari" dela dio, eta umil mintzo da bere lanaz, handinahirik gabe. "Gustatzen zaidalako egiten dut", esan zuen. "Zerbait saltzen badut, primeran, bestela, nire ilobek-eta esan izan didate, 'osaba, zu hiltzen zarenean koadro hau niretzat'", kontatu zuen barrez.

Enri Eginoren lanak apirilaren 6ra bitartean egongo dira ikusgai Oxford aretoan. Astebarruko egunetan, 18:00etatik 20:00etara izango da erakusketa bisitatzeko aukera, eta asteburuetan nahiz jaiegunetan, berriz, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide