Enri Egino artista azkoitiarrak erakusketa zabaldu du gaur, zapatua, Azkoitiko Plazaberrin dagoen Etxebeltz jauregiko erakustokian. 12:00etatik 14:00etara zabaldu dituzte erakusketaren ateak, baina arratsaldean berriro irekiko dute; izan ere, Eginok berak inaugurazio ekitaldia egingo du 18:00etan hasita. Herritarrek 20:00etara arteko aukera izango dute erakusketa bisitatzeko.
Askotariko lanak ari da erakusten artista azkoitiarra bere jaioterrian. Dena den, nabarmena da kolore indartsuen presentzia. Arratsaldeko ekitaldian emango ditu ikusgai dituen lan guztiei buruzko azalpenak, eta bisitarien zalantzak zein galderak argitzen ere saiatuko da harik eta erakustokiaren ateak itxi arte.
Gaurtik hilaren 9ra, igandea, egongo da zabalik Eginoren erakusketa Etxebeltzen. Gaur eta bihar ireki ondoren, datorren ostegunetik igandera bitartean ikusi ahalko dira berriro Azkoitiko artistaren lanak; izan ere, astelehenetik asteazkenera itxita egongo dira Etxebeltzen ateak. Honako ordutegietan zabalduko dute erakustokia: zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara; igandeetan, 12:00etatik 14:00etara; eta ostegunetan zein ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara.