Albistegia

Trikiti munduak hunkituta agurtu du Tomas Soraluze 'Epelde'

Maialen Etxaniz 2026ko abuztuaren 26a

Euskal Herriko hainbat txokotako trikitilariak eta pandero jotzaileak elkartu ziren atzo Azkoitian, Martirietarako trikitilariari azken agurra emateko. Larunbatean zendu zen Tomas Soraluze Epelde 81 urte zituela, eta horren maitea zuen trikiti munduak agur hunkigarria eskaini zion atzokoan. 

Trikiti doinu artean agurtu dute Tomas Soraluze Epelde Martirietako trikitilari ezaguna. Atzo, asteartez, egin zuten haren aldeko omenaldi kutsuko agurra Azkoitian. Larunbatean hil zen Epelde 81 urte zituela, eta ordutik asko izan dira hark trikitiari egindako ekarpena nabarmendu dutenak. Horren adierazle, Euskal Herriko hainbat txokotako dozenaka trikitilari hurbildu zen atzo Martirietakoari agurra ematera. Elizkizunaren aurretik, Tomas Soraluzeren senideak, lagunak eta trikiti eta bertso munduko kideak elkarrekin joan ziren Parrokiaraino.

Elizkizunean sarri izan zuten gogoan Epelde, baina hitzorduaren azken hondarretan Sebastian Lizasok eta Millan Telleriak kantatutako bertsoek Parrokian elkartutako guztiak hunkitu zituzten. Ondoren, eliza barruan pieza bat eskaini zuten trikitilariek, eta atarian bestea, bidekoa elkarrekin joz.

Martirietako Epelde-Goikoa baserrian jaioa zen Tomas Soraluze, hainbat urte eman zituen trikitiari lotuta, eta plazaz plaza aritu izan zen soinu txikiarekin giroa alaitzen. Soinu txikiari doinua ateratzeko dohaina ez ezik, hura jotzerakoan inoiz galtzen ez zuen irribarrea izan da haren bereizgarria. Atzo horren maitea zuen trikiti munduak lagundu zuen zeruraino.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide