Antonio Oteizari lore eskaintza egin diote udal ordezkariek

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 26a

Azkoitiarekin lotura estua izan zuen eskultoreari loreak eskaini dizkiote, haren Ongi etorri eskulturaren aurrean, bizirik balitz gaur 100 urte beteko baitzituen. Halaber, bihar eta etzi zabalik izango da Oteizaren eskulturak eta margolanak biltzen dituen erakusketa Intsausti jauregian. 

Duela 100 urte gaurko egunez jaio zen Antonio Oteiza eskultore eta margolari donostiarra, eta haren jaiotzaren mendeurrena dela eta, udal ordezkariek lore eskaintza egin diote iaz hil zen sortzaileari. Oteizak lotura estua izan zuen Azkoitiarekin, eta horren erakusle da hark Azkoitiko herriari dohaintzan emandako Ongi etorri eskultura. Hain zuzen ere, Julio Urkixo kalean kokatuta dagoen eskultura horretan utzi ditu loreak Ana Azkoitia alkateak, EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko udal hautetsiek lagunduta.

Iazko azaroan jarri zuten Oteizaren eskultura Azkoitian, eskultorea hil eta hiru hilabetera. Azkoitiko Udalak eta Antonio Oteiza fundazioak antolatu zuten ekitaldia, eta Azkoitiarekin lotura estua izan zuen artista, misiolari eta abenturazalearen izana goratu zuten. Gaur ere halaxe egin dute; izan ere, Juan Bautista Mendizabal zinegotzi eta historialariak eman ditu haren bizitzari buruzko zertzelada batzuk. 

Gainera, gaur bertan zabaldu dute Oteizaren omenez Intsausti jauregian dagoen erakusketa ere. Han izan dira udal ordezkariak lore eskaintza egin ostean, eta herritar hainbat ere gerturatu dira eskultorearen obra ezagutzera; izan ere, eskulturak ez ezik, margolan hainbat ere badira ikusgai Intsaustiko aretoko hormetan. Bihar ere zabalik izango da erakusketa, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandean ere bai, 12:30etik 14:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide