Antonio Oteiza hil da, Azkoitiarekin lotura estua zuen eskultorea

Julene Frantzesena 2025ko abu. 4a, 15:52

Antonio Oteiza bere erakusketa batean, Azkoitian.

Artista 99 urterekin hil da. Jorge anaiak bezalaxe, lotura estua zuen Azkoitiarekin. 2008an Urrezko Domina eman zion Azkoitiko Udalak, eta 2019an omenaldia egin zion Antonio Oteiza fundazioak herrian.

Antonio Oteiza (Donostia) eskultorea hil da, 99 urterekin. 1950eko hamarkadan hasi zen eskulturan, eta, ordutik, arte erlijiosoan jardun zuen batez ere; esaterako, Jorge anaiarekin batera jardun zuen Arantzazuko basilikaren proiektuan lanean. Apaiza zen, eta misiolari jardundakoa ere bai hainbat urtez.

Azkoitiarekin lotura estua zuen Oteizak, baita haren anaiak ere. Bientzat izan da herri kuttuna Azkoitia, aita eta aitona azkoitiarrak zituztelako. 2008an Urrezko Domina eman zion Azkoitiko Udalak Oteizari, eta haren obraren zati bat Azkoitian dago, berak hala nahi zuelako. Hain zuzen, Intsausti jauregian daude eskulturgilearen hainbat lan.

Gainera, bere lana babestea eta zabaltzea xede dituen Antonio Oteiza fundazioak hainbat ekitaldi antolatu zituen 2019an; Azkoitian egin zituzten haiek denak, artista omentzeko helburuarekin. Halaber, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ohorezko adiskide izendatu zuen Oteiza urte hartan bertan. Bestalde, duela bi urte Oteiza eta Vicente Molina elizgizonen Serenus illuxit erakusketa izan zen ikusgai Azkoitian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide