Antonio Oteiza eskultore, margolari eta apaizak sortutako eta hark Azkoitiko herriari bere hiri gutunaren 700. urteurrenean emandako Ongi etorri eskultura inauguratu dute gaur eguerdian. Herrigunearen sarreran –Intsausti parkearen ondoan–, kokatu dute, esanahi handiz, Oteizaren lana, hark Azkoitiko herriarekin izan zuen lotura estua kontuan hartuta, besteak beste. Haren obrak argia ikustearekin batera, hil osteko omenaldia eskaini diote Oteizari ekitaldian, udalaren arabera, "Azkoitiko herria maitatu zuen bezala maitatzeagatik". Hark eta Antonio Oteiza fundazioak antolatu dute ekitaldia, eta udal ordezkariek zein fundazioko kideek ez ezik, Azkoitiko alkate ohiek, Oteizaren senideek eta lagunek, Carlos Ciriza eta Vicente Molina artistek zein kaputxinoen ordenako hainbat kidek parte hartu dute ekitaldian, hara bertaratu diren dozenaka herritarrekin batera.
Azkoitiko herriaren etorkizun itxaropentsuan sinetsiz. Herria, etorkizuna, itxaropena, agurra, eskuzabaltasuna irakur daiteke gaur inauguratutako Oteizaren eskultura horretan. Ana Azkoitia alkateak azaldu duenez, artistak "maite" zuen Azkoitia, haurtzaroa ekartzen zion gogora, eta "etxean" sentitzen zen. "Gure herriko bazterrek esentzia intimoetara eramaten zuten Oteiza". Hark gogoratu du arte sakroa barne indarrarekin lotzen zuela, "mistika erlijiosoa eta Jainkoaren edertasuna" zirela garrantzitsuak harentzat; bere obra edertasunaren kontakizuna dela azpimarratu du alkateak.
Haren arabera, artistak bazekien iraganari begiratzen, baina ez zen "iraganean geratzen zen horietakoa": "Etorkizunean itxaropentsu sinesten zuen, eta hori da bere artearekin guri zabaldu nahi izan digun mezua". Era berean, azpimarratu du artean jartzen zuen "indar eta pasio bera" erakusten zuela bizitzan ere, eta "pribilegiatua" dela zituen balioengatik, sormenerako gaitasunarengatik zein bere pentsamendu eta filosofiarengatik. "Horrek handi egiten zuen bere obra, eta bere izaera osoa", berretsi du, eta zera gaineratu: "Ezagutzeko plazera izan dugunok ere pribilegiatuak izan gara. Antonio Oteizak ez zuen inor epel uzten. Oteizak ukitu egiten zuen, bere marka uzten zuen".
Oteizak Ongi etorri eskultura Azkoitiko herriari oparitu ostean, azken hilabeteetan lan hori brontzean eraikitzen aritu dira. Lan hori Oteizaren errepresentazioa dela azaldu du haren iloba Alberto Goza Oteizak, zeinetan obra horretan, autorea esku bat altxatuta agurtzen ari den. Agurtzerakoan, eskuarekin egiten diren keinuez aritu da Oteiza bere hitzartzean, eta zera gaineratu du Azkoitian jarri duten lanaren inguruan: "Nahiko nuke imajinatzea eskulturakoa ez dela nire osaba, baizik eta urrutira nire osaba datorrela ikusten duen azkoitiar bat, eta hark nire osaba agurtzen duela. Orduan, nire osaba herrian sartzen da, eta geratzeko etortzen da hona".
Azkenik, Jose Angel Echeberria aita kaputxinoak hartu du hitza. Hark adierazi du edertasunaren bilaketagatik eta bere sentikortasun erlijiosoarengatik nabarmentzen zela Oteiza, eta erlijiosoa esker oneko azaldu da udalak eta fundazioak Oteizaren memoria zaintzeko egin duten lanagatik.
Haien hitzartzearen ondoren, Sahatsako dantzariek eta Txalkorreko txistulariek borobildu dute saioa, eta inaugurazioaren eta omenaldiaren ondoren, Intsausti jauregian dagoen Oteizaren erakusketa bisitatzeko aukera izan dute guztiek.