Azkoitiko udalbatzarrak

Milioi erdi eurotik gorako kreditu aldaketa bat onartu du udalak, hainbat proiektu gauzatzeko

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 25a

Kreditu aldaketa horren barruko partidetako batek, Altamirako baratze parkea Santa Klarako eremu batera lekualdatzeak, eztabaida piztu zuen Azkoitia Bai eta Ana Azkoitia alkatearen artean. Dena den, onartu zuten kreditu aldaketa, eta hainbat proiektutara bideratuko du udalak diru hori. Igandean LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta horren bueltako mozio bat onartu, adostu eta irakurri zuten EAJko, PSE-EEko eta EH Bilduko ordezkariek; Azkoitia Baik kontrako boza eman zuen, beste behin, mozioak onartzea ez dela "eraginkorra" argudiatuta.

Ekaineko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean udal ordezkariek, udaletxeko areto nagusian. Izapide kontuak ziren nagusi gai zerrendan, baina, hala ere, ordutebeteren bueltako bilkura egin zuten. Izan ere, izan zen eztabaida piztu zuen puntu bat. Hain zuzen ere, askotariko partidaz osatutako kreditu aldaketa bat egiteko proposamena eraman zuen Ana Azkoitia alkateak udalbatzarrera, eta azaldu zuen aldaketa hori egin ala ez aurrez bozkatu zutela Antolaketa batzordearen bileran. Dena den, Azkoitia Baik emendakina aurkeztu dio kreditu aldaketari, eta Jose Joakin Etxanizek horren zergatiak azaldu zituen. Kreditu aldaketa horretako partida gehienekin ados badira ere, horietatik bat ezabatzea eskatu zuen: Santa Klara eremuan baratze parkea egokitzeko 50.000 euroko partida. 

Uxer errekaren ondoan egokituko ditu udalak baratzeak, 8.500 metro koadroko eremu pribatuan, eta gaur egun Altamiran diren baratzeak hara lekualdatuko dituzte, aurreikuspenen arabera, datorren udaberrian. Azkoitia Bai, baina, ez dago ados leku aldaketa orain gauzatzearekin; izan ere, Altamirako urbanizazio lanen proiektua onartu gabe egonda, ez du egoki ikusten udalak Santa Klarako lurren alokairua ordaintzea –hilean 1.000 eurokoa da alokairua–. "Gauzak aurreikustea ondo dago, baina urrats gehiegi ematen ari zaretela uste dugu", esan zuen Etxanizek. 

Eremu horretako lizentzien gaineko informazioa eskatzen hiru hilabete daramatzatela ere adierazi zuen Azkoitia Baiko bozeramaileak. Hori horrela izanik, gaur-gaurkoz duten informazioarekin, ez dio baratzeen leku aldaketari "premiazko izaerarik" ikusten, Altamiran etxebizitza pribatuak eraikitzeko berme osorik ez dagoelako oraindik, eraikuntza enpresak ez baitu lizentziarik jaso oraindik.

Etxanizek, halaber, udal gobernuari leporatu zion etxebizitza pribatuen aldeko hautua egin izana, eta esan zuen udalak herritarren interesak defendatu behar dituela eta etxebizitza arazoaren aurrean erabaki ausartak hartzeko gai izan behar duela: "Herriko sarreran bada Altamiraren aurretik garatu beharreko beste eremu bat, eremu degradatu eta kutsatu bat, baratze ekologikoak ukitu gabe garatzen saiatu behar genukeena: Intsausti". 

Ana Azkoitiak puntuz puntu erantzun zien Etxanizek esandakoei, eta adierazi zuen Altamirako eremuaz batzorde monografiko bat egiteko asmoa zutela jakinarazi zietela lehen ere. Alkateak zehaztu zuen Txalonerrekan babestutako etxebizitzak sustatzen ari dela udala, Azkoitia Baiko ordezkariak erakundea etxebizitza pribatuak sustatzen ari dela leporatu baitzion. Gainera, Altamirako eremua birpartzelatuta dagoela eta gaur egun aparkaleku gisa lursail pribatu bat erabiltzen ari direla ere esan zuen Azkoitiak: "2025eko abenduaren 22an onartu zen Altamira eremuko urbanizazio proiektu bat, eta espedientea irekita dago; horren berri izan duzue, informazioa baduzue. Beraz, Altamiran etxeak egin nahi dituztenez, udalak handik baratzeak mugitu egin behar dituela uste dugu, eta horregatik aurreikusi dugu diru bat, lekualdaketa egiteko". 

Udal gobernuarentzat lekualdaketa egitea "lehentasuna" dela esan zuen alkateak, nahiz eta Azkoitia Baik momentuz, proiektua garatzeke dagoenez, lekualdaketa gelditzeko eskatu zuen. "Ez dugu uste orain diru hori gastatu beharra dagoenik, ez baitakigu eraikitzeko lizentziarik izango al den ere". Azkoitiak erantzun zion gaiaz "ikuspuntu desberdinak" dituztela, eta kreditu aldaketaren gaineko bozketa egin zuten. Onartu egin zuten proposamena, EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin, eta EH Bildu abstenitu egin zen, nahiz eta baratzeak herrira jaistearekin ados dauden. Hala ere, Azkoitia Bairi zuzendu zitzaion EH Bilduko Asier Altuna, eta esan zion eztabaidako gaiak banatu beharrekoak direla uste duela. Hori berretsi zuen alkateak ere. Azkoitia Baiko hiru zinegotziek kontrako boza eman zuten.

Hainbat proiektutarako dirua

Kreditu aldaketa, orotara, 678.000 eurokoa zen, eta udalbatzarrak iraun zuen denbora gehienean 50.000 euroko partidaren bueltan jardun zuten hizketan. Dena den, gainerako dirua zertarako baliatuko duten ere zehaztu zuen alkateak, puntuz puntu. Batetik, Hirubide etxearen desjabetzera 195.000 euro, kaleko igogailuen mantenura 6.000 euro, ingurumen arloko kanpainara 15.000 euro, alkateak erabiltzen duen kreditu globalera 19.400 euro, Aizkibel liburutegiko teilatua konpontzera 225.000 euro, Txiki Golf jatetxea izan zen eraikina zaharberritzera 50.000 euro eta baratzeak egokitzeko lanetara 50.000 euro bideratuko dituzte, besteak beste. 

Alkateak esan zuen bere eskuetan geratzen den kreditu globala deituriko poltsara diru asko bideratzea ez zaiela gustatzen alderdiei, baina zehaztu zuen kreditu horretan dirua izanda, proiektu asko eta ezustekoak azkarrago egin edo konpondu ahal izaten dituztela. PSE-EEko Janire Igoa kreditu aldaketa egitearen alde agertu zen, urtean zehar sortzen diren beharretara egokitu behar izaten delako aurrekontua, eta EH Bilduk ere aldeko boza eman zuen, aurrekontuetan onartutako proiektuak ere badaudelako tartean. Azkoitia Baik, baina, abstentziora jo zuen, baratzeen lekualdaketarako partidaz gaindiko beste proposamen guztiekin ados daudela esanda. 

Horrez gain, San Martin auzoan eraikitzen ari diren etxebizitzen bueltan sortu den kaleari izena jartzeaz ere aritu ziren atzoko udalbatzarrean, eta hain zuzen ere, historikoki eremu horri Gurutzeaga (Kurutzia) deitu izan zaiola eta, kale berriari izen horixe ematea hobetsi zuten udal ordezkariek aho batez. 

LGTBIQ+ mozioa, onartuta

Igandean, ekainaren 28an, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta atzoko udalbatzarrean mozio bateratua irakurri zuten EAJko, PSE-EEko eta EH Bilduko ordezkariek. Azkoitia Baik esana du ez duela mozioen alde egingo, eta atzo ere halaxe egin zuen; adierazpenaren kontra bozkatu zuten talde horretako zinegotziek, jarduteko modu hori ez zaielako "eraginkorra" iruditzen. 

Horren aurrean alkateak esan zien Azkoitia Bai ere udalaren parte dela, adierazpenak zein mozioak gehigarriak direla, eta horregatik aurkezten dituztela. Atzoko kasuan, LGTBIQ+ kolektiboari babesa agertu nahi izan ziotela adierazi zuten, eta horregatik eraman zutela mozioa bilkurara. EH Bilduko Asier Altunak ere ildo beretik hitz egin zuen, eta esan zuen "mingarria" dela esatea mozioek ez dutela ezertarako balio. "LGTBI borroka iritsi da dagoen lekura orain dela urte asko mozioen bidez eman ziren babesak tarteko. Zer borroka egon den, zer konfrontazio dagoen ikusita, halako mozioak onartzea normalizatuta egon beharko lukeen hori berrestea da; izan ere, oraindik berretsi egin behar dira, borrokan segitu behar delako". Hark hausnarketarako deia egin zien Azkoitia Baiko kideei, baita alkateak ere. "Azkoitiko talde bat zarete, baina Azkoitia ez da irla isolatu bat; Gipuzkoan dago, Euskadin dago, Europan dago, munduan gaude, eta kasu honetan Azkoitiari ere badagokion gai bat izanik, kolektibo horri alderdi bezala babesa agertzea garrantzitsua litzatekeela uste dut", esan zuen. 

Etxez etxeko zerbitzua, hutsik

Azkoitiko Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzuaz ere jardun zuten hizketan atzo. Izan ere, alkateak adierazi zuenez, hutsik geratu da esleipen prozesua, ez delako zerbitzua eskaini nahi duen enpresarik aurkeztu lehiaketara. Hori horrela izanik, lehiaketaren oinarriak berrikusi eta eguneratu ditu udalak, eta prozesua berriz martxan jarriko du. 

Bestalde, Azkoitiko bake epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko prozedura martxan jartzeari baiezkoa eman zioten udal ordezkariek aho batez. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide