Elkargunea eta parrokia, berotik babesteko guneak

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 23a

Elkarguneko sarrera. (Guka)

Tenperatura altuak tarteko, herritarrek Elkargunea eta parrokia baliatu ahal izango dituzte berotik ihes egiteko. Halaber, herrian zenbait klima aterpe daudela gogorarazi du udalak.

Muturreko tenperatura altuak direla eta, Eusko Jaurlaritzak alarma gorria aktibatu zuen atzo, eta gaur bezala, bihar ere aktibatuta izango du 12:00etatik 20:00etara bitartean. Hori hala, Azkoitiko Udalak herritarrak berotik babesteko neurriak hartu ditu gaur, asteartea, eta jakinarazi du Elkarguneko Herriko Plaza aretoa eta Andre Mariaren Jasokundeko parroki eliza zabalik izango direla hala nahi dutenentzat. 

Bero boladari aurre egiten laguntzeko espazio seguruak edo aterpe klimatikoak egokitu ditu hala erakundeak. Elkarguneko aretoa zabalik egongo da aretoan ekitaldirik ez dagoen denboran; astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 21:00etara ireki ohi dute gune hori; larunbatetan, 09:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 09:00etatik 14:00etara. Parrokia, berriz, egunero egongo da zabalik 08:45etik 12:30era eta 17:00etatik 19:30era.

Herritarrek egunotan bi gune horiek erabili ditzakete muturreko beroari ihes egiteko. Dena den, udalak nabarmendu du edozein eraikin publikotan eska daitekeela babesa, beharrean egonez gero. Horrez gain, eta kanpoan tenperaturak oso altuak diren arren, erakundeak gogorarazi du Jausoron eta Floreagan klima aterpeak daudela, eta hango zuhaitzen nahiz bankuen laguntzaz, eguzki izpien babesetik atseden hartzeko aukera dagoela.

Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako zuzendaritzak Osasun Sailak egindako Bero Planean jasotako babes gomendioak jarraitzea aholkatu du udalak. Izan ere, datozen orduetarako eta egunetarako muturreko tenperatura altuak aurreikusi dituzte. Honako lotura honetan irakur daitezke gomendio horiek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide