Jausoro Basoa, klima babeslekua eta herritarrentzako gune berdea

Andoni Elduaien 2025ko urt. 9a, 12:16

Guztira, 3.858 metro koadroko eremua egokitu dute Jausoro eta Altzibar etorbidea lotzen dituen zubiaren bueltan. Klima aldaketaren aurrean babesleku eta atsedenerako gune berde izateko sortu dute gaur inauguratu duten eremua. 47.000 euroko aurrekontua izan dute lanek, eta aldundiari lotutako Naturklima fundazioaren Borondatezko Karbono Funtsak gauzatu ditu obrak.

Lanak amaitu zituztela hilabeteak igaro badira ere, gaur, osteguna, inauguratu dute Jausoro Basoa klima babeslekua, Jausoro eta Altzibar auzoa lotzen dituen zubiaren bueltan. Azkoitiko Udalak aurkeztutako proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatu du, klima aldaketaren aurkako babesgune bat izateko eta ingurumen jasangarritasuna sustatzeko. Guztira, 3.858 metro koadroko eremua egokitu dute.

Udalak Azkoitiko PSE-EEren eskariz aurkeztutako proiektuak 47.000 euroko aurrekontua izan du, eta bi hilabete eta erdiko iraupena. Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari lotuta dagoen Naturklima Gipuzkoako klima aldaketaren foru fundazioaren laguntza jaso du, hain justu erakunde horren Borondatezko Karbono Funtsak gauzatu baititu obrak oso-osorik, Xabier Sarriegi Asmatu enpresako obra zuzendariak zuzenduta. Lanketa Gipuzkoako azpiegitura berdeak eta erresilientzia hobetzeko proiektuen eta jardueren barruan kokatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatua eta Naturklimako presidentea den Jose Ignacio Asensiok, Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak, Imanol Arrizabalaga udaleko Hirigintza zinegotziak eta Janire Igoa Azkoitiko PSE-EEko zinegotziak parte hartu dute gaurko inaugurazio ekitaldian. Asensiok eta Azkoitiak egin dituzte adierazpenak, eta biek nabarmendu dute "ingurumena berroneratzearen eta klima aldaketaren aurkako borrokaren testuinguruan" Jausoron egin duten obrak duen "garrantzia".

Asensio diputatuarentzat Jausoro Basoa klima babeslekua "eredu bat" da. "Natura gune degradatuak leheneratzeko eta balio ekologiko nahiz sozial handiko eremu bihurtzeko ahaleginak nola batu erakusten du eremu honek. Proiektuak Azkoitiko herritarren bizi kalitatea hobetzen du, eta klima aldaketaren ondorioak arintzen laguntzen du, azkoitiarrentzako etorkizun jasangarriagoa sustatuz". Diputatuaren esanetan, gainera, "oso egokia" izan da egin duten lanketa. "Espero dugu herritarrek guneari balioa ematea eta erabiltzea. Klima aldaketaren aurka babesguneak sortu behar dira, bero boladak daudenerako aisialdirako guneak berreskuratuz".

Azkoitia alkateak, bestalde, eskerrak eman dizkie aldundiari eta Naturklimari, udalak "buruan zuen proiektua" egikaritzeagatik. Klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko neurriak hartzearen garrantzia azpimarratu du hark ere: "Etengo ez diren eta egoeraren larritasuna agerian uzten duten gertaera meteorologiko kaltegarriak ari gara ikusten. Bakoitzak bere tokitik, klima aldaketaren ondorio larriei aurre egiteko neurri posibleak hartu behar ditugu, eta Jausoroko klima babeslekua testuinguru horretan kokatzen den ekimena da, herritarrentzako gune berde berritua". Gunea azkoitiarren "gustukoa" izatea espero du alkateak. "Jendeak hemen gustura paseatzea espero dugu, baita eguzkitatik babesteko leku egoki bat izatea ere". 

Gune berdea ere bada

Klima aldaketaren aurreko babesgunea izateaz gain, atsedenerako gune berdea ere izango da eremua, udalaren asmoa baita "zuhaiztia berroneratzea" eta "herritarrei berdegune erakargarria zein atseden hartzeko espazio aproposa" eskaintzea. Atsedenerako, egoteko eta mugitzeko eremuak ditu guneak, batetik, jatorduak egin ahal izateko mahaiak jarri dituztelako, eta bestetik, eserlekuak jarriko dituztelako ibaiaren ertzean nahiz baso eremuan.

Era berean, egoera txarrean zeuden landare espezie aloktonoak —bertakoa ez den fauna edota landaredia— moztu eta inausi dituzte, eta horien ordez, 120 zuhaixka autoktono landatzea aurreikusten dute, hala nola haltzak, haritzak, pagoak eta sahatsak. Era berean, landare lurrarekin indartu dute lurzorua, hala karbonoa biltegiratzeko gaitasuna indartuz. Gainera, zuhaitzen sustraiak zainduko dituzten bideak sortu dituzte. Eraitsitako zuhaitzen enborrekin, berriz, jolasak sortu dituzte, "bioaniztasuna" areagotuz.

Klima babeslekuak zer dira?

Klima babeslekua sortu dute Jausoron, baina zer da klima babesleku bat? Eremuan jarri dituzten informazio paneletan irakur daitekeenez, ingurumen baldintza onberak eskaintzen dituen natura edo hiri eremuak dira, testuinguru kaltegarrietatik babestea helburu dutenak, hala nola gehiegizko berotasunetik, ur eskasiatik edota habitat egokirako sarbide defizitario batetik.

Jausoron egokitu duten moduko klima aterpe naturalak parke batean, zuhaiztidun pasealeku batean edo uretara sarbidea duten guneetan, besteak beste, hondartzetan eta ibaietan, kokatzen dituzte. Halako babeslekuak, ordea, artifizialak ere izan daitezke, aire egokitua duten leku itxietan edo eraikuntza ezaugarriengatik kanpoan baino tenperatura erosoagoak eskaintzen dituzten barrualdeko eraikinetan.

Babesleku bat den heinean, zenbait bizikidetza arau jasotzen dituen panela ere jarri dute basoan. Atseden hartzeko gune bat izanik, bozgorailurik ez erabiltzeko, gurpildun gailuekin eremura ez sartzeko eta bertako erabiltzaileak errespetatzeko eskatu dute. Horrez gain, ezinbestekoak izango dira zaborra jasotzea eta bertako animaliak, zuhaitzak nahiz landareak zaintzea, eta guztiz debekatu dute bertan sua egitea. Txakurrak lotuta eraman beharko dira gune horretan, eta horien gorotzak jaso egin beharko dira, herriko beste txoko guztietan bezala.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide