Degradatuta zegoen naturagunea inauguratu dute erakundeek Floreaga auzoan

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 23a

Erakundeetako ordezkariak, Floreagako naturagune berriaren inaugurazioan. (Ane Olaizola)

Floreaga eta Atano auzoak lotzen ditu berdegune berria aurkeztu dute eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak. Ingurumen kalitatea hobetzeko lanen barruan kokatu dituzte lanak erakundeek, eta lurraldeko aterpe klimatikoa sarean txertatu dute espazio berria. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamenduak degradatuta zegoen basogune bat berroneratu du Floreaga auzoan, Azkoitiko Udalarekin elkarlanean, eta naturagune berria inauguratu dute eguerdian erakunde horietako ordezkariek, hala nola Jose Ignacio Asensio aldundiko Jasangarritasun diputatuak eta Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak. Erabilgarri den eremu berriaren balioa azpimarratu zuten ordezkariek, ingurumen kalitatea hobetzeko eta lurraldeko aterpe klimatikoa sarea handitzeko lanen barruan txertatu baitute esku hartzea. 

Zehazki, Floreaga eta Atano auzoak lotzen ditu berdegune berri horrek, eta Floreaga ikastetxearen gainaldean kokatzen da. Erakundeen arabera, espezie autoktonoak eta aloktonoak dituen baso ingurua berroneratu egin dute; hau da, baso horretan zeuden sastrakak "modu selektiboan" kendu dituzte ia 5.000 metro koadroko azaleran. Hondakinak eta "egoera txarrean" zeuden zuhaitzak ere kendu dituzte, eta handik ateratako egur batzuk lursailean bertan erabili dituzte gero, "gunearen elementu natural" gisa. 

Era berean, berezko espezie autoktonoak landatu dituzte ingurune horretan, besteak beste haritzarekin eta pagoarekin, baita ekosistema horretako hainbat zuhaizka bereizgarrirekin batera. Horrez gain, lurra mugitu eta lursaila profilatu dute, eta oinarri granularreko bide berri bat ere sortu dute; era berean, urmaela bat ere sortu dute basoan bertan, duela hilabete batzuk ikasleek eta herritarrek auzolanean hasitakoa. Egurrezko mahai batzuekin ere hornitu dute espazioa. Modu horretara, herritarrek "paseatzeko eta atseden hartzeko" espazio publikoa izango dutela adierazi dute erakundeek. 

Aldundiak Naturklima fundazioarekin batera bultzatutako babesleku klimatikoen sarean txertatu dute Floreagako naturagune berria. Hain zuzen, Asensiok halako guneek eskaintzen dituzten onurak azpimarratu ditu, iritzita "degradatutako eremuak berreskuratzea eta berdeguneak irisgarri bihurtzea" dela klima aldaketara tokikotik egokitzeko "modurik eraginkorrenetako" bat. "Babesleku klimatikoak herritarrak muturreko beroaren ondorioetatik babesteko pentsatutako naturaguneak dira, eta itzala, landaredia eta ingurune osasungarriak eskaintzen dituzte gure udalerrietan", gaineratu du diputatuak.

Azkoitiak, bere aldetik, halako berdegune irisgarriak sortzearen garrantziaz hitz egin du: "Mendiz inguratutako ingurune pribilegiatu batean bizi garen arren, garrantzitsua da erraz iritsi daitekeen tokietan berdeguneak sortzea, osasunaren eta ongizatearen mesedetan, udalerri osasungarri eta jasangarri bat nahi badugu benetan. Bero boladetatik babesteko eremua da, eta gainera, biodibertsitatea hobetzen laguntzen du. Horrez gain, bizikidetza erraztuko duen topagunea bihurtzen bada, askoz hobeto". 

38.951 euroko inbertsioarekin gauzatu ditu Iruña Medioambiente enpresak —Asmatu enpresaren obra zuzendaritzapean— lanak sei astetan, eta erakundeek Europako Next Generation funtsaren diru laguntza jaso dute horietarako. Azken urteetan gisa horretako beste hainbat proiektu ere sortu ditu aldundiak babesleku klimatikoaren sarearen barruan, eta horietako bat da iaz Jausoron egokitu zuten basoa. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide