San Joan sua bai, baina neurriak hartuta

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 22a

Balda plazan piztutako San Joan su bat. (Guka)

Aurreko urteetan baino su txikiagoa egingo dute bihar Balda plazan. Era berean, udalak guztiz debekatu du auzoetan eta landa eremuan San Joan suak piztea. Erakundeak azaldu du segurtasuna indartuko duela, eta erantzukizunez eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei. Arratsaldeko Dantzarien Doniene Saioa bertan behera utzi du Bizkargi eskolak. Ordea, normaltasunez egingo dituzte gaueko ekitaldiak. 

Muturreko tenperatura altuak direla eta, herritarrak berotik babesteko neurriak hartzen ari dira zenbait udal  orduotan. Hori hala, San Joan bezperako suak kolokan dira zenbait herritan, eta ez pizteko erabakia hartu dute beste batzuetan. Azkoitiko Udalak ere hartu du horri lotutako erabakia, eta azaldu du Balda plazan udalak antolatuta egin ohi duten sua besterik ez dela piztuko bihar herrian; landa eremuan eta herriko auzoetan piztu ohi dituzten suak debekatu egin ditu. 

Sua ekitaldi berezi baten bueltan piztu ohi dute Azkoitian, eta arrazoi hori tarteko erabaki du udalak sua egitea. Batetik, Darahli elkarteari aitortza egingo dio erakundeak, San Joan sua pizteko ohorea elkarte horretako ordezkariei eskainita, eta bestetik, Sahatsa dantza taldearen 50. urteurrena tarteko, emanaldi berezia eskainiko du talde horrek. Edonola ere, udalak aurreratu Balda plazako sua "sinbolikoa" izango dela, eta aurreko urteetakoarekin alderatuz, "txikiagoa" izango dela. Erabaki hori "arriskuak saihesteko" helburuarekin hartu dute.

Egoera horren aurrean, udalak adierazi du biharko egunez segurtasuna "indartuko" duela, eta herritarrei "erantzukizunez eta zuhurtziaz" jokatzeko eskatu die. Gainera, Balda plazako ekitaldiak irauten duen bitartean, ura banatuko diete Sahatsa dantza taldeko, abesbatzetako, musika bandako eta Bizkargi musika eta dantza eskolako kideei. 

Arratsaldez ez, gauez bai

San Joan bezperan, ohi bezala, dantzak protagonismo berezia hartuko du herrian. Dena den, Bizkargi eskolak arratsalderako Balda plazan antolatuta zuen Dantzarien Doniene Saioa bertan behera utzi dute, beroagatik ezarrita dagoen alerta gorria dela eta. Ordea, gauean normaltasunez egingo dituzte ekitaldiak, eta Sahatsa dantza taldeak hartuko du Balda plaza. Azkoiti-Azpeitiko dantza taldeak ukitu berezia eman ohi dio San Joan bezperari Azkoitian, eta aurten, taldearen 50. urteurrena tarteko, dantzariek eta txistulariek Gipuzkoako ezpata dantza eskainiko dute.

Guztira, 60 dantzarik eta hamar txistularik parte hartuko dute ekitaldian. Dantzariak 21:25ean aterako dira Kale Nagusiaren eta Aingeru kalearen arteko bidegurutzetik, eta herriko plazan, Ana Azkoitia alkateak herriko bandera entregatuko dio dantzarien buruzagiari. Taldeak Gipuzkoako ezpata dantza dantzatuz egingo du plazatik Balda plazara arteko bidea, herriko plazan eta eliza atarian dantza hori eskaintzeko geldialdiak eginez. 22:00etan piztuko dute sua Darahli elkartekoek, eta apaltzera egiten duenean, Sahatsakoak berriro aterako dira jendaurrera, San Joan dantza eta bestelakoak eskaintzera.

Egunari amaiera emateko, herritarrek plaza dantzak egiteko aukera izango dute Balda plazan bertan, Aitor Sorazu dantza irakaslearen eskutik. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide