Azkoiti-Azpeitiko Sahatsa dantza taldeak 50 urte beteko ditu aurten, eta etzi hasiko da urteurren horren barruko hitzordu bereziekin, Urrestillan. Bere sorlekua izan zen plazara itzuliko da hala bailarako dantza taldea.
1976. urtean sortu zuten Sahatsa, eta bost hamarkadatako ibiliari merezitako aitortza egingo diote datozen hilabeteetan. Sahatsa sortu eta laster, bailarako jendeari zabaldu zioten dantza taldea Urrestillako gazteek, eta urte horietan egindako zabalkunde lanari esker, Azkoitiko eta Azpeitiko dantzariak nahiz musikariak batu ziren gero taldera. Egun, bi herri horietako kideek osatzen dute taldearen gehiengoa.
Urteurren ekitaldien barruan, aurrenekoa izango da etzi Urrestillan aurkeztuko dutena. Taldearen sorreran nahiz egun Sahatsan dantzan aritzen diren kideek parte hartuko dute. Azken hilabeteetan, astero-astero ari dira elkartzen Sahatsaren bueltan ibili diren herritarrak Azkoitiko Oteiza frontoietan, eta han landutako dantzak aurkezteko garaia iritsi zaie orain. Guztira, 60 ezpata dantzarik eta hainbat txistularik parte hartuko dute igandeko hitzorduan. 12:45ean, Urrestillako kaleak zeharkatuko dituzte Gipuzkoako ezpata dantza eskainiz; eta segidan, plazan, Gipuzkoako dantzak eskainiko dituzte.
Nolanahi ere, urteurrenari lotutako zenbait keinu egin ditu dagoeneko dantza taldeak. Apirilean, aurrena, Lesakan (Nafarroa) izan ziren dantzariak, Tantirudantza helduen dantza emanaldian. Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreari esker ona adierazteko ezpata dantza ere eskaini zioten; izan ere, Urrestillako Jaunaren Gizakundearen parrokiako apaiza zen hura duela 50 urte, eta haren bitartekaritzari esker hasi ziren Trintxerpeko (Gipuzkoa) zenbait dantza irakasle Urrestillara joan-etorrian, Sahatsa dantza taldearen bueltan elkartu ziren bailarako dantzari gazteei lehen urratsak irakasteko asmoz. Joan den hilean, berriz, Mikel Sarriegi dantza adituak Urolako dantzen bilakaera izeneko hitzaldia eskaini zuen Azpeitian.
Ekitaldi ugari
Urrestillako ekitaldiaren ondoren, Sahatsak agenda betea izango du datozen hilabeteetan, Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat hitzordutan parte hartuko dute eta. Ekainaren 23an, San Joan bezperan, Azkoitian izango dira Sahatsako ezpata dantzariak eta txistulariak. Uztailaren 11n, berriz, Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko emanaldia eskainiko du taldeak, Azpeitiko plazan. Abuztuan ere ez dute atsedenik hartuko dantza taldekoek; izan ere, abuztuaren 13an, andremarien atarian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan Jose Luis Frantsesenari egingo dioten omenaldian parte hartuko dute Sahatsakoek.
Irailean, berriz, Sahatsa 50 jaialdia aurkeztuko du dantza taldeak Azkoitian eta Azpeitian: irailaren 19an, Azkoitiko plazan arituko dira; eta irailaren 26an, Azpeitikoan. Lehengo eta egungo dantzariek nahiz musikariek emango dute ikuskizun hori bi herrietan.
Udazkenean eta neguan ere ez dute atsedenik hartuko Sahatsakoek. Dantza taldeak aurreratu duenez, udazkenean dantza taldearen ibilbidea erakutsiko duen erakusketak jartzea aurreikusi dute. Azaroan, Azkoitiko San Andres jaien bueltan, bi urtez behin aurkeztu ohi duten lana taularatuko dute Baztartxo antzokian. Aurten, Sahatsa 50 ikuskizuna aurkeztuko dute han, Azkoitiko Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak lagunduta.
2027. urteko lehen seihilekoan, berriz, urteurrenari amaiera emateko ikuskizuna eskainiko dute Azpeitian, Azpeitiko Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzarekin batera. Cara