Darahli elkarteak piztuko du aurten Azkoitiko San Joan bezperako sua. Udalak San Joan bezperako hitzordu berezi hori baliatu ohi du herritarrek edota elkarteek egin duten lanari aitortza egiteko, eta aurten, saharar herriaren alde azken urteetan elkarte horrek egiten duen lana eta erakutsi duen konpromisoa aitortuko ditu. "Udalak bere esker ona helarazi nahi dio Darahli elkarteari San Joan bezperan, saharar herriarekin egiten ari diren bidegabekeriaren aurrean, injustizia salatzeagatik eta mundu hobeago eta justuago bat egiten saiatzeagatik", azaldu du udalak.
Darahli elkarteak Euskal Herriko eta Saharako familien arteko senidetzea, elikagaien bilketak edo Bakeleku bezalako proiektuak bultzatzen ditu, azken hori Oporrak Bakean programaren bidez. Horrela, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren haurrek basamortua uzteko eta udan Euskal Herrian indarrak hartzeko aukera izan ohi dute. Darahli elkartearen eskutik, kanpalekuetan bizi diren hamabost jasoko dituzte aurten Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Zumaian, iaz baino bost gehiago. Ekainaren 30ean ailegatuko dira haur horiek eskualdera.
Darahli hitzak besarkada esan nahi du hassanieraz, Mendebaldeko Saharako biztanleek erabili ohi duten hizkuntzan. 2007, urtean sortu zen elkartea Zumaian, hango Maria eta Jose ikastetxeko eta Zumaiako Institutuko irakasleen zein ikasleen arteko lankidetza bidaia baten ondoren. 2006an egin zuen Zumaiako ordezkaritza talde horrek lehen bidaia Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara, eta ordutik, urtero-urtero jo ohi du institutuko ikasle talde batek hara. Azken urteetan, baina, elkartea Zumaiako mugetatik harago zabaldu da tokian tokiko boluntarioen eskutik, tartean, baita Azkoitira ere. Leire eta Irati Lizarralde ahizpa azkoitiarrek sustatzen dute elkarte horren jarduna Azkoitian, beste hainbat kideren eta erakunderen laguntzarekin batera.
Iaz, Darahli elkartearen beren proiektua diruz laguntzen duten udalei Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaiatzeko aukera eskaini zien elkarteak, eta Azkoitiko Udaleko ordezkaritza bat Tindufen (Aljeria) izan zen, eskualdeko beste zenbaitekin batera. Bidaia horretan erakundeetako ordezkariek bertatik bertara ikusi ahal izan zuten saharar errefuxiatuak nola bizi diren munduko zonalde gogorrenetariko batean, 1975. urteaz geroztik.